
Realak garrantzi handiko bi hitzordu izan ditu gaur. Lehenengoan, eta epailearen aginduz, klubak Due Diligence-a eman die Juan Larzabal, Miguel Angel Fuentes eta Maria de la Peña presidente ohiei. Dokumentu horiek euren esku daude dagoeneko.
12:30ean Mikel Alonsoren aferarako txanda izan da, Lan Arloko 3. zenbakiko epaitegian. Jokalariak Reala salatu zuen langile gisa dituen eskubideak urratu dituelakoan. Alonsok bi eskakizun zituen: kontratua bertan behera geratzea eta geratzen zaizkion bi urteak ordaintzea.
Alonso bere aita Perikorekin, Iñaki Ibañezekin eta abokatuarekin gerturatu da. Badiolak, berriz, Antoñana, bi administratzaile, Loren eta abokatua alboan izan ditu.
Epaiketa saihesteko asmoz ordubete luzez bildu dira eta akordioa lortu dute. Xehetasunak: Alonsok Realarekin zuen kontratua amaitutzat eman da eta urtebeteko kontratua ordainduko zaio.
Oso egoera desatsegina izan da eta orain aurrera begiratzea baino ez dut nahi. Akordioa ona izan da, adierazi du jokalariak berak.
Antoñanak ere akordioa onena zela adierazi du eta arazoaren oinarria kirol jatorrizkoa zela azpimarratu nahi izan du.

