

Fernando Amorebietak taldekideekin entrenatu du eta badirudi Coruñan jokatzeko prest egongo dela. Argazkia: EFE
Athleticek urrezko hiru puntu eskuratu zituen euskal derbian. Zuri-gorriek puntu premia zuten eta ez zuten huts egin. Hala ere, partida bat baino ez zen izan. Athleticen egoera ez dela asko aldatu, alegia. Aurkari zuzen gehienen garaipenaren ondorioz jeitsierako postuetan jarraitzen dute bizkaitarrek. Baina Osasuna mendean hartu ondoren baikorrago agertu dira. Partida bat irabaztegatik ez da gure egoera aldatu. Baina, gutxienez, bolada txarrarekin amaitzea lortu dugu. Garaipenak eta atea hutsean utzi izanak morala eman digu, adierazi zuen Aitor Ociok.
Jokalariek jakin badakite jardunaldi batean edo bitan ezin dela beltzetik zurira pasatu. Jardunaldi asko beharko dituzte zulotik ateratzeko. Horregatik, urte bukaera dute erreferentzia gisa. Gabonetako geldialdira egoera hobean ailegatzea da gure helburua. Sailkapenaren erdian dauden taldeen multzoan.
Gorako bidearekin jarraitzeko Miguel Angel Lotinaren Deportivo hartu beharko dute mendean igandean Riazorren. Iraizozek laudorioak izan zituen bere entrenatzaile ohiarentzat. Estimu handia diot. Eskerrak emateko arrazoiak ere baditut. Talde sendoa aurkituko dugu.
Amorebieta taldearekin entrenatu da
Lan saioari dagokionez, Fernando Amorebieta taldekideekin entrenatzen ikustea izan zen albiste nagusia. Okerrik ezean prest egongo da Riazorren jokatzeko. Bonilla eta Isma Lopez gazteak ere nagusiekin aritu ziren. Ustaritzek eta Koikilik min hartuta daudelako, eta Javi Martinezek, Balenziagak eta Llorentek Espainiako selekzio ezberdinekin daudelako, ez zuten lan saioan parte hartu.