2009ko uztailaren 06a

    eitb.com

    albisteak

    Hauteskundeak

    Iñaki Goirizelaia izango da EHUko errektore berria

    Erredakzioa - publikatuta 2008/12/04 | eitb.com |
    Boto gutxiko aldea izan da bi hautagaien artean, baina azkenean, Ingeneria Telematikoan katedratikoa denak irabazi egin dio Marisol Estebani. Astebeteko epea izango dute hautagaiek emaitzen kontra egiteko, eta 15ean izendatuko dute ofizialki errektorea.

    Iñaki Goirizelaia hautatu dute gaur Euskal Herriko Unibertsitateko errektore berri botoen %52,25ekin. Marisol Estebani gailendu zaio, horrek botoen %47,75 eskuratu baitu, EHUk jakitera eman duenez.

    Horrela, Goirizelaiak Juan Ignacio Perezen lekua hartuko du Euskal Herriko Unibertsitatearen buruzagitzan. Goirizelaia Perezen taldekoa izan zen aurreko hauteskundeetan eta Bizkaiko kanpuseko errektoreorde izan da azken urteetan.

    21:30etan, emaitzak jakin bezain laster, Gorizelaiak esan du “denen errektore” izango dela datozen lau urteetan, eta “bihotzez” eskerrak eman dizkie bere hautagaitza babestu duten guztiei.

    Gainera, bere taldeak egin duen “lana, babesa eta laguntza” azpimarratu ditu, eta horren harira, gaurko garaipena “pertsona askoren lanari esker” izan dela azaldu du.

    Juan Ignacio Perez orain arte errektore izan denari eskaini dio garaipena, izan ere, “azken hilabeteotan kritika askoren jomuga izan da, injustuak gehienetan”, Goirizelaiak aditzera eman duenez.

    Hauteskundeak 09:00etan hasi dira eta 99 hautesleku egon dira irekita 18:00ak arte. Boto unibertsalezko hautapenaren bitartez erabaki dute EHUko errektore berriaren izena. Irakasle eta ikertzaile iraunkorren bozek erabakiaren %51 suposatu dute, gainontzeko irakasleenek %18, ikasleenek %20 eta pertsonalarenak %11.

    Hautatzeko eskubidea izan duten 52.236 pertsonetatik, 1.986 irakasle iraunkorrak dira, 2.989 gainontzeko irakasleak, 45.553 ikasle eta 1.708 administrazio eta zerbitzuetako langileak dira.

    Bi hautagai besterik ez zeudenez, hauteskundeak bozketa bakar batean erabaki dira. Aurreneko emaitzak jakinarazi direnetik, astebeteko epea izango dute hautagaiek emaitzen kontra egiteko.

    Errektorea ez ezik, gaur Klaustroko ordezkariak ere aukeratu dituzte, baita hainbat ikastegitako batzarretarako ordezkariak ere.


    Publizitatea
    Erlazionatutako edukiak

    04/12/2008 23:06