
Espainiako Exekutiboak Santa Maria de Garoñako (Burgos) zentrala 2013an ixteko erabakia "onartu" egin du Eusko Jaurlaritzak.
Burgoseko zentrala lau urte barru ixteko erabakia ofizialki jakitera eman du gaur Miguel Sebastian Industria, Turismo eta Komertzio ministroak.
Jaurlaritzako Industria Saileko iturriek jakitera eman dutenez, Gasteizko Exekutiboak "Gobernu zentralaren erabakia onartzen du" gai horretan "eskumena duena" delako, itxieraren urtea aintzat hartu gabe.
Nuclenor
Bestalde, zentrala ixteko erabakia "bidegabetzat" jo du Nuclenor Garoñako jabeak, "justifikazioarik ez duelako", eta "beharrezko ekintza legalak" abian jartzea ez du baztertu, enpresaren "eskubide eta interes legitimoak" defendatzeko.
Garoñako enpresa-batzordea
Bestalde, Santa Maria de Garoñako enpresa-batzordeak mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du, zentrala hamar urte gehiago martxan izatea lortu arte, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) gomendatu bezala.
Exekutiboaren erabakiak "lortuko duen gauza bakarra sektoreko langileak mobilizatzea izango da", azpimarratu du Garoñako langileen ordezkari batek.
Ekologistak
Carlos Bravo Greenpeacen kanpaina nuklearrerako arduradunak auzitegietara joko dutela esan du, "erabaki zentzugabea delako".
Greenpeacek eta elkarte ekologista nagusiek (Amigos de la Tierrak, Ekologistak Martxanek, SEO/BirdLifek eta WWFk) sinatutako komunikatuan zentral nuklearra berehala ixteko eskatu dute eta ohartarazi dutenez, "irekita jarraitzen badu, Gobernuak ez luke beteko hauteskunde-programa".
Gainera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeetan hartutako konpromisoak bete ez dituela salatu du Ekologistak Martxan taldeak, eta horregatik dimititzeko eskatu dio.
Alderdi politikoak
Gobernu zentralaren erabakia "etsigarritzat" jo du Emilio Olabarria EAJko diputatuak eta "Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak duela gutxi esandakoaren kontra" doala esan du. Horregatik, Industria Ministerioari azalpenak eskatuko dizkio, "Zapaterok konpromisoak bete eta Garoñako itxiko" zutela "agindu zuelako".
Zentral nuklearraren itxiera atzeratuta Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoen interesen "alde" egin du beste behin ere, Eusko Alkartasunaren arabera. PSEk eta Gasteizko Gobernu sozialistak esandakoari "balioa kentzen" dio erabakiak, izan ere, zentrala berehala ixteko "apustu garbia" egin zuten.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:



