2010eko martxoaren 20a
eitb.com

albisteak

'Alakrana'

Hiru arrantzale lehorrera eraman dituzte piratek

Erredakzioa - 2009/11/05 |
Iruzkina egin

Espainian kartzelatutako piratak askatu ezean, arrantzaleak haien senideen esku utziko dituztela egin dute mehatxu. Tripulazioaren herrietako alkateak Unzalurekin bilduko dira 17:30ean.

Inprimatu Inprimatu

Indiako Ozeanoaren uretan Alakrana euskal ontzia bahituta daukaten piratek hiru arrantzale Somaliara eraman dituzte, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak baieztatu duenez.

Maria Angeles Jimenezek, Gaizka Iturbe tripulatzailearen emazteak, Radio Euskadiri azaldu dionez, piratek esan dute arrantzale guztiak banan-banan jaitsiko dituztela lehorrera Espainian kartzelatuta dauden bi kideak askatu ezean.

Defentsa Ministerioaren iturriek zehaztu dute sendi horiek herrialdeko hegoaldean bizi direla, eta euskal atunontzia iparraldean dagoela ainguratuta.

Jimenezek azaldu du senarrak 09:25ean deitu diola, eta tripulatzaile guztiak "laguntza eskaera" egiten ari direla haien senideei.

"Laztana, entzun. Hiru tripulatzaile lurrera eraman berri dituzte, eta denak eramango gaituzte Espainian dauden bi piratak haien senideen esku uzten ez badituzte. Gobernua beste alde batera begiratzen ari da. Egin zarata. Egin borroka, egin borroka, egin borroka. Ez utzi ni bakarrik", esan du arrantzaleak. 45 urteko gizonezkoak ez zekien nortzuk ziren aipatu hiru gizonak, ezta nora eraman dituzten ere, bakartuta baitituzte.

"Borrokatu, borrokatu, borrokatu!"

Maria Angeles Jimenezen hitzetan, Espainiako Gobernuak "gezurra" esan die hasieratik "senideei, iritzi publikoari eta herrialde osoari".

"Gobernuak hanka sartu du hasieratik, Espainia osoak jakin dezala. Ez dezala gezur gehiagorik esan. Ez dezala 36 tripulatzaileen bizitzarekin jokatu", salatu du Radio Euskadin.

"Gure senarrak bizirik eta onik nahi ditugu. Hollywoodeko film txarrenetan ere ez da gertatzen haien uretan bi pirata atxilotzea eta 'bi ditugu' esatea haiek 36 dituzten bitartean", gaineratu du.

Piraten estrategia izan liteke

Dena dela, ez da baztertzen dena piraten estrategia izatea negoziazioetan presioa egiteko. Hori horrela, Iker Galbarritu Alakrana-ko kapitainaren arrebak esan du ontziaren armadorearekin hitz egin duela, eta hark esan diola balitekeela aipatu hiru arrantzaleak ontziaren beste leku batera eraman izana, Somalian lehorreratu beharrean.

Hala ere, Argi Galbarrituk adierazi du gaur goizean bere nebak egin dion deia "oso gogorra" izan dela, eta tripulatzaile guztiek senideei deitu dietenez, "agur esateko deia"tzat hartu dutela.

Piratek Espainiako gerraontzi bati eraso diote

Espainiako Arrantza Konfederazioaren (CEPESCA) iturrien arabera, euskal atunontziaren bahitzaileek airera tiro egin dute eta granada bat jaurti dute Espainiako gerraontzi baten aurka, baina ontzia behatzen ari diren militarrak eta negoziatzaileak ez dira ohartu.

Hori dela eta, piratek senideekin hitz egitera behartu dituzte tripulatzaileak, egoeraren berri emateko.

Gobernuak lasaitasuna eskatu eta larrialdiko bilera deitu du

Bere aldetik, Espainiako Gobernuak esan du bere eskuan dagoen guztia egiten ari dela, eta "lasaitasuna" eskatu die arrantzaleen senideei.

Kongresuan egindako adierazpenetan, Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko lehen presidenteordeak bahiketa "laster" amaitzea espero duela adierazi du.

Bien bitartean, atunontzien bi elkarte nagusiek (ANABAC eta OPAGAC) bilera egin dute gaur goizean Constantino Mendez Defentsako estatu idazkariarekin, gertatutakoa aztertzeko.

Bi piratak

Bahitzaileek askatzea exijitzen duten bi piratak, Abdu Willy eta Raage geesey hain zuzen ere, Espainiako Armadak atxilotu zituen Somaliako kostaldetik gertu, euskal arrantza-ontziak bi egun bahituta zeramatzanean.

Baltasar Garzonek espainiaratzea agindu zuen, legez kanpoko elkarte bateko kide izatea, 36 bahiketa delitu, indarkeriaz lapurreta egitea eta armak edukitzea egotzita.

Raage geesey urriaren 13an kartzelatu zuten, eta Abdu Willy atzo, azterketa mediko batek adin nagusikoa dela egiaztatu eta gero.

Negoziatzen jarraitzeko biak askatzea bahitzaileen baldintza dela urriaren 12tik dago argi. Egun horretan, Abdi Mohamed izeneko pirata batek ohartarazi zuen atxiloketek moteldu egingo dutela ontzia askatzeko prozesua. "Nahitaezkoa da gure lagunak aske uztea ontzia askatzea negoziatzen hasteko", nabarmendu zuen.

35 egun bahituta

Alakrana euskal atunontzia urriaren 2an bahitu zuten Indiako Ozeanoan, hots, beste bahiketa saiakera batetik ihes egin eta hilabetera.

Ontzian 36 tripulatzaile daude: 7 Euskadikoak, 9 Galiziakoak, 2 Malaysiakoak, 3 Senegalekoak, 4 Ghanakoak, 2 Boli Kostakoak, 8 Indonesiakoak eta Seychelleetako bat.



Iruzkinak:

Ezagutzera eman

Envia a un amigoLagun bati bidali
bidali
EmbedEmbed

Erakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:

Publizitatea