
Iruzurra agerian geratu da. Askoren susmoak baieztatu egin dira. Iruña-Veleia ikertzeko Arabako Aldundiak eratu zuen batzorde zientifikoak baieztatu egin du aztarnategiko aurkikuntzak faltsuak direla eta, are gehiago, norbaitek nahita faltsutu zituela.
2006ko ekainean, Iruña-Veleiako herri erromatarrean inoizko euskarazko idazki zaharrenak (III. eta IV. mendekoak zirela esan zuten) eta historia osoko lehen Kalbarioa topatu zituztela ziurtatu zuten hainbat arkeologok. Azkenean, baina, ez bata ez bestea.
Historialariek, hizkuntzalariek, kimikariek... Denek ondorio bera izan dute: Idazkiak duela gutxi egin zituzten, "nahita", eta "laborategian", gainera. Dena dela, argitu behar da aztarnategia benetakoa dela, herri erromatarra da. Aurkintza hauek dira faltsuak.
Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuak batzordearen ondorioak aurkeztu zituen atzo Arabako Batzar Nagusietan, bost aditurekin batera.
Julio Nuñez EHUko Arkeologia katedradunaren esanetan, grafitoak duela gutxikoak dira, seguru aski topatu zituzten unean bertan eginak, hain zuzen ere.
Joaquin Gorrotxategi katedradunak ezin hobe azaldu du askok une honetan duten sentimendua: "Aztarnategiari oro har eta euskal filologiari batik bat egindako kaltea oso handia da".
Lurmen SL konpainia, aztarnategitik kanpo
Arabako Aldundiak iragarri du aztarnategian lan egiteko baimena kenduko diola Lurmen SL konpainiari.
Gainera, ez du baztertu auzitara ere jotzea, enpresa horrek delitua egin duen zantzuak ikusten badituzte.
Historiara pasatuko diren inkongruentziak
Hainbat adibide daude aztarnategiko aurkikuntzak faltsuak direla frogatzeko. Ortografi akatsak latinez idatzita dauden testuetan, irudi erotikoak eszena erlijiosoetan...
Adibidez, aztarnategian zenbait gurutze topatu zituzten, ikur hori V. mendetik aurrera erabiltzen hasi bazen ere (aurkikuntzak ustez III. eta IV. mendekoak ziren).
Halaber, bertan aurkitutako Jesus gurutziltzatuaren irudi batean RIP (goian bego) zegoen idatzita. Eta kristauek Berpizkundean sinesten dutela kontuan hartuta, nekez aitortuko dute Jesus hilik dagoela. Beste edozein gurutzetan INRI laburdura ikusiko duzu, hau da, 'Iesus Nazarenus Rex Iudaeorum' (Jesus Nazaretekoa, Juduen Errege).
Baina adibide gehiago daude irudi faltsuetan: Garai hartakoak ez ziren jantziak dituzten emakumeak; sirena bat (Erdi Aroan jaiotako izaki mitologikoa); Descartes filosofoaren izena (XVII. mendean jaio bazen ere) eta Nefertitiren izena (XX. mendean deskubritu zuen erregin egiptoarra; lehenago ez zekiten ezta existitu zela ere).
Pieza batzuk, gainera, lekedaz itsatsita zeuden. Iruzurra hain da argia, ezen barre egiteko modukoa ere baita.
Aurkikuntza hauek guztiek euskararen eta kristautasunaren historia aldatu behar zuten. Azkenean historiara pasatuko dira, bai, baina gezurren eta iruzurren historiara.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:
