
Jorg Haider, Austriako eskuin muturraren buruzagia eta 90eko hamarkadan ultraeskuindarrek izandako gorakadaren ordezkari nagusia, hil egin da gauean Carintiatik (Austria) gertu, gidatzen ari zen ibilgailuaren kontrola galdu duenean, Poliziaren iturriek jakitera eman dutenez.
58 urte zituen Haiderrek eta autoaren barnean aurkitu dute hilda. Buruan eta toraxean zauri larriak zituen. Austriako politikaria ibilgailuan bakarrik zihoan eta oraindik argitzeke dago zerk eragin duen istripua. Antza denez, bere amaren etxera zihoan, 90 urte bete baititu.
Bere alderdiarentzat kolpe gogorra izan da Haiderren heriotza. Azken hauteskundeetan botoen % 10 baino gehiago lortu zituen BZOk, orain dela bi aste. Momentu honetan Gobernua osatzeko koalizioa negoziatzen ari zen Haider.
Jorg Haider eskuineko politikari polemikoa eta karismatikoa izan da eta baita Europako eskuin muturrarentzako eredua ere.
Demagogia populista
Ukitu xenofoboa eta nazionalsozialismoarenganako jarrera anbiguoa ziren Haiderren demagogia populistaren bereizgarriak eta horiek eman zuten ezagutzera, nahiz eta azken urteetan diskurtsoa moderatu boto-emaile demokrata kristauak erakartzeko helburuz.
Austriako politikaren agertokira itzuli denean hil da Haider. Izan ere, Austriako Etorkizunerako Aliantzak (BZO) Parlamentuan zuen ordezkaritza hirukoiztea lortu zuen azken hauteskundeetan.
