
Manuel Zelaya Honduraseko presidentea bere herrialdeko Armadak atxilotu eta Costa Rican askatu dute, pijama oraindik jantzita zuela. Bertako Gobernuak babesa eman dio herrialdean.
Zelayak "bahiketa izugarri" baten biktima izan dela eta Honduraseko presidentea izaten jarraitzen duela adierazi du. Nazioarteko Komunitateari laguntza eskatu dio herrialdearen normaltasuna berreskuratzeko.
Honduraseko militarrek presidentearen etxera sartu eta atxilotu egin dute, Konstituzioa aldatzeko kontsulta polemikoa hasi baino bi ordu lehenago.
Aldaketen artean, presidente berbera behin baino gehiagotan aukeratzeko aukera sartu nahi zuten. Presidentearen aurkariek boterean betirako egon nahi zuela leporatu diote Zelayari.
Atxilotu ostean, Zelaya Aireko Indarren base batera eraman dute, eta bertan herrialdetik kanporatu dute Costa Rican askatuz.
NBEak, Amerikako Estatuen Erakundeak eta Europar Batasunak estatu-kolpea gaitzetsi dute eta Zelayaren itzulera eskatu dute, normaltasun demokratikoa eta konstituzionala herrialdera itzuli dadin.
Barack Obama AEBetako presidenteak kezkaturik agertu da eta "errespetua arau demokratikoentzat" eskatu du. Nahiz eta hasieran kolpe-militarra zehazki ez gaitzetsi, Hillary Clinton Estatuko idazkaria kolpearen aurka agertu da.
Armadako tropek Tegucigalpa hartzen duten bitartean, ziurgabetasuna da nagusi kaleetan zehar.
Militar-lerro estu batek zaintzen dituela, milaka lagun presidentearen etxearen inguruan bildu dira kolpearen aurka protesta baketsua egiteko.
Kongresuak bilera bat egin du eta Kongresuko presidentea, Roberto Micheletti, Honduraseko bitarteko presidente aukeratu dute.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:



