
Irudia handituMichael Bloomberg New Yorkeko alkatea, bozkatu eta gero. Argazkia: EFE
Errepublikanoek kolpe handia eman diote Barack Omaba presidentearen Alderdi Demokratari, Virginiako eta New Jerseyko hauteskundeetan irabazi baitute gaur.
New Jerseyn, Chris Christie errepublikanoa John Corzine orain arte gobernadore zen demokratari gailendu zaio. Lehenengoak botoen %50 lortu ditu, eta bigarrenak %44.
Obama hiru aldiz joan zen New Jerseyra Corzineren alde kanpaina egiteko. Hain zuzen ere, estatuan hauteskundeak galdu dituen lehen demokrata izan da 1993tik.
Virginia, iazko hauteskundeetan Barack Obamaren alde bozkatu zuen estatuetako batean, errepublikanoen garaipena are argiagoa izan da, Bob McDonell kontserbadoreak 10 puntuko aldea atera baitio Craig Deeds demokratari.
New Yorkeko Alkatetzan ere hauteskundeak izan dira, eta Michael Bloombergek karguan jarraituko du hirugarren agintaldiz jarraian.
Bloombergek botoen %48,9 bereganatu ditu, eta bere aurkariak, William Thompson demokratak %47,6. New Yorkeko alkateak 100 milioi dolar gastatu zituen kanpainan.
Estatubatuarrek lehen aldiz bozkatu dute gaur urtebete Barack Obama presidente aukeratu zutenetik, eta beraz, adituek haren kudeaketaren ospea neurtzeko erabiliko dituzte emaitzak.
Inkesten arabera, herritarrek Gobernuan duten konfiantza azken 12 urteotako txikiena da.
Etxe Zuriaren iritzia
Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi du hauteskunde hauen emaitzek ez dutela eraginik izango 2010eko hauteskundeetan. Gainera, Obama ez dagoela bozketa jarraitzen ari ziurtatu du.
Aitzitik, Alderdi Errepublikanoa pozik agertu da, eta demokratei eta Etxe Zuriari boto-emaileek "alerta" mezua igorri nahi izan dietela ohartarazi du, "gehiegizko gastuaz" nazkatuta daudelakoan.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: