
Irudia handitu1859ko Boston hiriko dekoratu bikainak. Argazkia: Priamo Tolu
Larunbatetik aurrera, Operaren Bilboko Lagunen Elkarteak (OLBEk) Un ballo in maschera opera taularatuko du Euskalduna Jauregian. Hilaren 13an, 16an, 19an eta 21ean izango dira emanaldiak. Giuseppe Verdiren lanik ezagunenetako bat da, eta Bilbon orain hemeretzi urte izan zen ikusgai azken aldiz, Coliseo Albia antzokian.
Maitasun istorio bat dago lan honen oinarrian: Boston hiriko gobernadorearen eta Renato bere lagun onenaren emazte Ameliaren artekoa. Salvatore Licitra tenore italiarrak taularatuko du Renato, eta Bizkaiko hiriburuan lehen aldiz emanaldia eskainiko duen Micaela Carosi sopranoaren ahotsean ezagutuko dugu Amelia.
OLBEren 2009-10 denboraldiko bosgarren lana da eta Tutto Verdi programaren bigarrena. Jon Paul Laka OLBEren zuzendari artistikoak lan honen xehetasun guztiak eman ditu jakitera. Lakak gogoratu duenez, jatorrian Suediako Gustavo III. erregearen erahilketa zen opera honen oinarria, baina Italiako orduko (1859) zentsura dela-eta, argumentuaren giroa aldatu behar izan zuten eta Boston hirira eraman.
Bilbon ikusgai izango dena Teatro San Carlo di Napoli antzokiaren ekoizpena da, eta, Lakak jakitera eman duenez, ''1859ko Boston hiria oso ongi irudikatzen duten dekoratu bikainak ditu lan honek''. OLBEren zuzendari artistikoak gogoratu duenez, ''generoak eman dituen maitasun aria ederrenetakoak aurkituko ditugu Un ballo in maschera operan''.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: