
Eduardo Puelles Garcia Espainiako Poliziaren inspektorearen lagunek eta auzokoek elkarretaratzea egin dute Arrigorriagan (Bizkaia) atentatua arbuiatzeko. 200 bat lagunek, gehienbat Arrigorriagako biztanleak, kontzentrazioa egin dute arratsaldean Bizkaiko udalerrian poliziaren erailketa gaitzesteko. Kontzentrazioa txalo artean eta ETAren kontrako oihuekin amaitu da.
Arrigorriagako Abusu auzoan isilean egin dute elkarretaratzea eta 15 minutuko iraupena izan du. Isilunea bizilagun batek apurtu du hitza hartu duenean, Puelles " auzoan oso ezaguna" zela eta auzokideek "egun triste hau" sekula ez dutela ahaztuko esateko.
Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako alkatea izan da ekitaldian, baita Bilboko eta Arrigorriagako EAJko, PPko, PSEko, EBko eta EAko zinegotziak ere. Era berean, Begoña Gil (Bilboko zinegotzi sozialista) lehendakariaren emaztea, Mikel Arana EBko legebiltzarkidea eta Lentxu Rubial senatari sozialista bertan izan dira.
Kontzentrazioaren amaieran, "faxistak" eta "ETA kanpora" oihuak entzun dira eta baita txaloak ere. Elkarretaratzean izatea eskertu die alkateak herritarrei, eta poliziaren senitartekoenganako eta terrorismoaren biktimenganako elkartasuna adierazteko eskatu die.
Mozioa atentatua gaitzesteko
Gainera, Arrigorriagako Udaleko osoko bilkurak Eduardo Puelles Garcia polizia nazionalaren hilketa gaitzetsi du gaur, eta "erabateko mespretxua" agertu dio ETAri.
Mozioa aho batez adostu dute udal talde guztiek (EAJ, EA, EB, PSE eta PP). Testuan, gainera, elkartasuna adierazi diete biktimaren senideei eta Estatuko Segurtasun Indarrei.
Udalak nabarmendu du Eduardo Puellesen hiltzaileek ez dutela "inor" ordezkatzen, "demokrazian herriaren nahia hauteskunde prozesuetan adierazten baita", eta ez atentatuetan.
Saioaren ostean, ehun pertsonak inguru bost minutuko elkarretaratzea egin dute Udaletxearen aurrean. Bertan, besteak beste, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea; Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea izan dira.
Udalak bat egin du atentatua gaitzesteko erakundeek deitutako ekitaldi guztiekin.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:










