
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsi egin du Batasunaren ilegalizazioa. Hain zuzen ere, epaileek errefusatu egin dute alderdi abertzaleak Estrasburgon jarri zuen helegitea.
Giza Eskubideen Auzitegiak defendatzen duenez, Batasunak "erakunde terroristak osatzea eta politikoki laguntzea zuen helburu, ordena konstituzionala eta bake publikoa asaldatzeko". Horretarako, "Espainiako Konstituzioaren oinarrien aurkako proiektu politikoa ezartzeko estrategia zuen Batasunak".
Giza Eskubideen Auzitegiaren ustez, "segurtasun publikoa gordetzeko, ordena defendatzeko eta hiritarren eskubideak eta askatasuna babesteko" desegin zuten Batasuna.
"Bortizkeria bultzatzen duen edo demokraziaren arau bat edo asko errespetatzen ez duen edo hori suntsitzea helburu duen alderdi politiko baten arduradunek ezin dute Giza Eskubideen Auzitegiaren babesa izan", esan du Auzitegiak epaian.
Epaiak dioenez, "gizartearen premia larri bati" erantzuteko desegin zuten alderdia. Ildo horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzitako alderdietako partaideek bortizkeria gaitzesten ez zutela kontuan izateaz gain, "alderdiok ETAren estrategiaren parte zirela frogatzen zuten hainbat jokaera" ere aipatu zituen.
Alderdia ilegalizatuta, Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen hitzaldia albo batera uzteko asmoa zuela esan du Batasunak; baina Auzitegiak oinarririk gabekotzat jo du argudioa.
Auzitegi Gorenak 2003ko martxoaren 17an utzi zuen legez kanpo, Alderdien Legea oinarri hartuta, ETAren parte izatea egotzita.
Giza Eskubideen Auzitegira jo aurretik, ezker abertzaleak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen babes bila, baina honek Auzitegi Gorenak Batasuna, Euskal Herritarrok eta Herri Batasuna legez kanporatzeko erabakia berretsi zuen.
Horiek horrela, 2004ko uztailaren 19an Estrasburgoko Auzitegira jo zuen ilegalazioaren kontra helegitea jartzeko.
Helegitea
Helegite horretan, Batasunaren defentsak dio ilegalizazioak Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 10. artikulua (adierazpen askatasunerako eskubidea), 11.ena (bilerak egiteko eta elkartzeko eskubidea) eta 13.ena (errekurtso eraginkorrerako eskubidea) urratzen dituela.
2007ko abenduan, helegite horren zati bat (10. eta 11. artikuluei dagokiena) onartzea erabaki zuen Estrasburgoko Auzitegiak.
2008ko otsailean, bestalde, Estatuko Abokatuak Batasunaren helegite hori atzera botatzea eskatu zion Estrasburgoko Auzitegiari, errekurtso horrek "oinarririk ez" zuela eta ilegalizazioak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen ez zuela argudiatuta.
Idatzian, Espainiako Gobernuak Batasunari eta Herri Batasunari "bere helburuak lortzeko indarkeria erabiltzea" leporatzen zien, eta jarrera horrek "demokrazia, aniztasuna eta askatasun politikoak garatzeko baldintzak hondatzea ekarri du".
Horrez gain, Estatuko Abokatuak nabarmendu zuen Batasuna desegin eta gero "alderdi horri jarraipena emateko saiakerak" egin zirela eta "legeari iruzur egiteko ahalegin horien aurrean" Estatuak berriro joko zuela auzitegietara ohartarazi zuen.
Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza, pozik
Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Alfredo Perez Rubalcabak pozik hartu dute Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia. Barne Ministroak esan duenez, "ebazpen horretatik atera daitekeen ondorioa hau da: Espainiako erakunde demokratikoetan ez dira indarkeria babesten duten alderdiak egongo".
Rubalcabaren ustez, Estrasburgok hartutako erabakiak "ontzat ematen du Alderdien Legea, demokrazia indartzen duen legea".
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere begi onez hartu du ebazpena. Idoia Mendia bozeramaileak adierazi duenez, "agerian geratu da Espainia giza eskubideak errespetatzen dituen Zuzenbide Estatua dela". Horrez gain, Alderdien Legearentzat epai hori "berme bat" dela esan du.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: