
Auzitegi Nazionaletik albiste benetan deigarria iritsi da, ohikoa ez den epaia. Auzitegi Nazionalak errugabe jo du ETAren atentatu bat egitea egozten zioten gazte bat, Arkaitz Agote, Guardia Zibilari egindako aitorpena ez omen delako sinesgarria.
2005eko azaroan izan zen atentatu horren ondotik etorri zen epaiketa. Zarauzko bake-epaitegian lehergailu bat zartarazi zuten orduan.
Bi urte beranduago, 2007ko azaroan, operazio zabal baten barruan Arkaitz Agote izeneko gaztea atxilotu zuten Andoainen.
Bere kontrako epaiketa egin ondoren, epaia joan den urriaren 21ean eman zuen Auzitegi Nazionalak eta gaur eman du jakitera Gara egunkariak. Epaileak errugabetzat jo du akusatua, zalantzazkoa iruditzen zaiolako Guardia Zibilari egin zion aitorpena. Epaiak berak nabarmentzen duenez, 5 egunez luzatu zen inkomunikazioaren barruan egin zuen aitorpena ez zen izan askatasunez eta borondatez eginikoa.
Alfonso Guevararen ebazpenean agertzen denez, 22:00etan hartu zioten deklarazioa, mediku forenseak 18:00etan aztertu ondoren, eta atxilotuak bere buruaz beste egingo zuela mehatxu egin ostean.