Saio honetan bi familia elkartuko dira eta ehun urteko bidaia egingo dute atzerantz.
2007ko erosotasunak ahaztu behar izango dituzte datozen sei asteetan, eta duela ehun urteko baserri batean biziko dira. Ez dauka urik, ezta argindarrik ere. Ez dauka gaur egungo etxe-tresnarik eta barruko altzariak sasoi hartan ziren modukoak dira.
Haien laguntzarekin gure arbasoen ohiturak eta bizimodua ezagutuko ditugu.
Hemen ez dute historia ikasiko, hemen historia bizi egingo dute.
Historia luzeko baserria da. XVI. mendean eraikia, 1863an erre egin zen eta berreraiki behar izan zuten.
Ehun urte atzerantz bidaiatzeko egokituta dago baserria, garaiko altzari eta tresnez atondua.
Bi etxebizitza dauzka: Arieta Behekoa, Atxa familia eta Olatzen bizitokia izango dena, eta Arieta Goikoa, Jose Mari eta Galarzatarrentzat.