
Lehen eta bigarren hezkuntzako 3 eta 17 urte bitarteko 400 ikaslek beren ikerketa proiektuen emaitzak aurkeztu dituzte gaur, UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Ikasleak pasa den urtarriletik aritu dira lanean ikerketa proiektu horiek burutzeko.
Proyecto Meninas izeneko ekimen berritzaile hau batera antolatu dute Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Getxoko Berritzeguneak (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dagoen Hezkuntza Berrikuntzarako Zentroa). Esperientzia honen helburua izan da ikerketa proiektuak eta metodo zientifikoa irakaskuntza ez-unibertsitarioan sartzea. Ekimenean, lehen hezkuntzako 1000 ikasle baino gehiagok eta bigarren hezkuntzako 300 ikaslek parte hartu dute, 10 ikastetxekoak (Haur-lehen hezkuntzako 6 -Legardalde, Lemoiz, Zipiriñe, Zubileta, Larrañazubi, Andra Mari- eta bigarren hezkuntzako 4 - Mungia, Aixerrota, Uribe Kosta eta Fadura-); ikastetxe guztiak Getxoko Berritzegunearen eremukoak dira.
Ikasleek beren ikerketa lanak erakutsiko dituzte prestatu dituzten panelen bitartez, eta, aldi berean, jarduera eta demostrazio zientifikoetan parte hartu ahal izango dute, arlo zientifiko hauen inguruan: Biologia, Geologia, Kimika, Fisika eta Matematikak.
Unibertsitateari freskotasuna emango diote etorkizuneko ikertzaile hauek dio Txema Becerril doktoreak, Landareen Fisiologian katedraduna; bera izan da, hain zuzen, proiektuaren antolatzailea, Ana Sofía Gutierrez Getxoko Berritzegunearen eremu zientifiko-teknologikoko bigarren hezkuntzako aholkulariarekin batera. Biek modu positiboan baloratu dute ikastetxeek eta ikasleek ekimenean izandako parte-hartzea, eta azpimarratu dute parte hartu duten irakasleek gogo ikaragarria erakutsi dutela. Bien ustez, ikertzen ikasteko ikertu beharra dago, eta proiektu guztiek metodo zientifikoa jarraitu dute, hau da: arazo bati buruzko hipotesia egitea eta emaitzen bidez hipotesi horrek balio duen ala ez frogatzea.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean: