

Filmak hiru dimentsiotan egitea azkenaldian modan jartzen ari den tendentzia dugu. Disney faktoriak ere, bere klasikoetako bat (1991n estreinatu zen Ederra eta Piztia) formatu hau erabiliz berregiteko prestaketa lanetan dihardu.
Varietyk jakitera eman duenez, marrazki bizidun konpainia amerikarra, guztiontzat aski ezaguna den filma itxuraldatzen ari omen da 3-D formatua ezarri ahal izateko. Proiektu hau bukatzeko bederatzi hilabete inguru beharko dituzte eta beraz, 2010. urtean filma berriz estreinatzeko asmoa dute. Kirk Wise eta Gary Trousdale izango dira filmaren zuzendaritza lana hartuko dutenak.
Deigarrienetakoa izanda ere, ez da hau, Disney estudioek formatu bera erabiliz burutuko duten pelikula bakarra izango. Izan ere, datozen bi urteotan hiru dimentsiotan egindako beste hamar film estreinatzekotan dira. 3-Dn egin berri duten azken lana, Bolt, asteburu honetan bertan kaleratuko dute.
Ostiral honetan, gainera, beste pelikula klasiko bat, Pesadilla antes de navidad, estreinatuko da Espainian hiru dimentsioko formatuan eta laster, hemen izango ditugu baita Up (Pixar estudioen lan berria) eta Toy Story 3. Azken bilduma honen aurreko bi atalak ere 3-Dn berregingo dituzte eta Robert Zemeckisen Cuento de Navidad famatua ere moldatuko dute.