Orioko portuan ekingo diogu ibilbideari. Estatxa lodiek eta higatutako arraunek erakutsiko digute, herri honetan, antzina-antzinatik, arrantza egiteko ohitura zutela.
Orioko herria, duela seiehun urte baino gehiago sortu zen eta bizi-bizirik zegoen Erdi Aroan. Bertan, balea-olioa eta Europako iparraldetik ekarritako merkantziak saltzen zituzten. Horretaz gain, Bizkaiko meatzeetatik zetorren minerala lehorreratu eta Oriako burdinoletan landutako burdina ontziratzen zuten.
Kale nagusi malkartsuak alde zaharrera garamatza. Aintzinako kale hauetan nabarituko dugu Orio benetako arrantzale herria izan zela. XVI. mendeko galeoiak ikusten dira etxeetako leiho-buruetan eta balkoietan, iraganeko kapitainen eta baleazaleen loriaren oroigarri.
Kale nagusiaren teilatuen gainetik begiratuz, San Nikolas elizaren kanpandorrea ikusiko dugu. San Nikolas naufragoak salbatzen zituen gotzaina izan zen. Halaber, Orioko marinel askok izen hori jarri zieten euren ontziei. Orioko traineru horiak ere, Kantauri itsasoan estropada gehien irabazi duenak, izen hori darama.
Zarautzerantz abiatuko gara eta Zarauzko kanpina inguratzen duten zelai berdeen artean bide bat aurkituko dugu. Bidean aurrera, gaztelu baten azken harriak diruditen hondakinak ikusiko ditugu. Baina ikusten duguna ez da gaztelu bat, Mollarriko antzinako zama-lekua baizik.
Zarauzko hondartzan, gaur egun, surfean aritzen dira; baina XIX. mendera arte, arrantzaleek itsasertzean lehorreratzen zituzten txalupak; ez zegoen-eta porturik.
Itsasoaren parean, kostaldeko hotelik ospetsuenean, atseden hartuko dugu: Karlos Argiñanoren hotelean, hain zuzen.
Hondartzaren beste aldean, kresalak eta olatuek higatua, jauregi soil eta ilun bat ikusiko dugu. Narroseneko jauregia dugu parez pare.
Kale Nagusitik zehar, Zarauzko alde zaharrean sartuko gara, Torreluzea dorretxe ikusgarriraino. Duela 500 urte, Zarauzko jaunak eman zuen Torreluzea eraikitzeko agindua; bere alaba bertan bizi izan zedin.
Zarauzko kaleetan barrena gabiltzala, berriro ere erakin historiko batekin egingo dugu topo. Azara kalean, baleazaleen txalupa bat ikusten da. Txalupa barruan, berriz, arrantzaleak zetazeo bat arpoiaz jotzen. Etxe horretan bizi izan omen zen Ganboa kapitaina, baleazale aparta.
Kale Nagusiaren bukaeran, Zarauzko eraikinik zaharrena aurkituko dugu: Andre Mariaren Zeruratzea eliza.
Zarautz atzean utzi eta Getariarantz goaz. Erdi Aroko galtzadari jarraituz Santa Barbarako talaiaraino iritsiko gara. Gainera, txakolin-parra ederren artetik ibiliz.
Bide ertzean, muino baten gainean, baleak behatzeko talaia ezin bikainagoa aurkituko dugu: Santa Barbara ermita. Santa Barbarak tximisten eta trumoien aurka babesten gaitu; horregatik, itsasoko eta lehorreko artillero guztien zaindaria da. Hemendik Gipuzkoako ekialdeko kostalde guztia ikusten da. Santa Barbaratik primeran ikus daiteke Zarauzko herria.
Muino leunen artean beherantz goazela, mahastiz inguratutako etxe bat aurkituko dugu: Txomin Etxaniz upategia. Txakolin-mahastiz landatutako terrazetan barrena, antzina Zarautz eta Zumaia lotzen zituen galtzadari jarraituko diogu, Getariako arratoia ikusi arte.
Getaria itsasgizonen sorlekua da. Elkanoko Joan Sebastianen irudia da bisitariak ikusten duen lehendabiziko gauza.
Getarian dena dago maldan behera, itsasoari begira. Baina bidean, San Salbador eliza ikusgarriarekin egingo dugu topo. Eliza honetan ere zin-opariak aurkituko ditugu.
XXI. mendean, oraindik ere, Getaria, marinel herria ez ezik, Gipuzkoako herririk aberatsenetarikoa ere bada.
Getariako arratoi ospetsuaren gainean San Anton faroa dago. Aspaldidanik, etxerako bidea erakusten die itsasgizonei. Eta farotik Elkanoko San Pedro ermita ikusi ahal izango dugu. Elkano auzoan jaio zen Getariako itsasgizonik sonatuena: Joan Sebastian Elkanokoa, hain zuzen ere. Elkanoko San Pedro ermitaren dorrea Erdi Arokoa da.
Olatu baten kolpea jasotzeko beldurrik izan gabe, kostaldeko errepidea, 634 Errepide Nazionala, gurutzatuko dugu Zumaiara iritsi arte. Zumaiako Santiago hondartzan oraindik jatorrizko dunek eta kanaberek irauten dute.
Herri guztiaren gainetik, San Pedro eliza ikusgarria altxatzen da. San Pedro bera ere arrantzale izan zen, eta horregatik da arrantzaleen berezko zaindaria.
San Pedro eliza harkaitz baten gainean eraiki zuten. Eliza baino gehiago gaztelua dirudi. San Pedro elizako andanara igotzen bagara, hodeiertzean ermita bat ikusiko dugu, marinel kutsukoa: San Telmo ermita.
Barrualderantz joango gara Itziarko auzoraino. Itziarko amabirjina marinelek gehien maite zutena zen; Itziarko eliza baitzen, itsasotik etxera zetozenean, ikusten zuten lehenengoa.
Itziar atzean utziko dugu eta Debarantz abiatuko gara. Debako herriari ibaiaren bokaleko ainguratokiak eman zion aberastasuna. Edo hobeto esan, itsasadarreko ainguralekuak. Deba ibaiaren bokalean itsasontziz ibil zitekeen. Eta horregatik, haria eta burdina eraman zituzten Debatik mundu osoko itsasoetara; eta zekaleak, oihalak eta balea-koipea ekarri zituzten Iparraldetik.
Debako elizaren kanpandorrea eliza-ataria da. Atariak elizan margotuta dagoen portada zoragarria babesten du. Barruan, toskanar erako zutabe apartek Andre Maria elizari eusten diote.