EiTB.com - Radio y televisiķn vasca - Euskal Irrati Telebista

2008ko azaroak 21 | 10:00:20
Trebiņuko haitzulo sakratuak
Ibilbidearen mapa

Ibilbidearen mapa

Gure ibilbidea Faiduko herrixkan hasiko dugu. Muino harritsuz inguratua, Faidun inoiz ez dira berrogeita hamar biztanle baino gehiago bizi izan.

Zuhaixken artetik abiatzen den zidor malkartsu batek San Julian eta San Migel haitzuloetara garamatza. Eta kareharri margatsuan zulatutako ate batetik barrura sartuko gara.

Ate ostean, amildegiaren beste aldea ikusiko dugu, eta horma batzuk, amildegia bera baino garaiagoak. Bertan, haitzen barruan sartutako eliza bat dakusagu. Faiduko haranaren gainean, haitz baten gainean, Haitzeko Andra Maria eliza dago. Bide estu eta malkartsu batean gora iritsiko gara elizara.

Faidutik ekialderantz eginez, ondoko ibarrera abiatuko gara: Laņora. Laņoko herria ibar estu baten bukaeran dago. Gu iparralderantz goaz: ibarraren sarreratik irteeraraino.

Ibarraren sarreran bi horma harritsu daude. Azter dezagun, lehenengo, mendebaldeko horma.

Las Gobas: kobazuloak. Horrela deitzen zaio inguru honi. Las Gobas malkarrean, VI. Mendeko nekazariek, eremutar zaharren ereduari jarraituz, labar hauen babespean eraiki zituzten euren elizak. Lur zabalean eraikitako elizen antzera, haitzulo hauek arkudun gangak, aldareak eta sakristiak zituzten barrenean. Hala ere, gaur egun, zulo hauek logela xumeak dirudite. Mendiaren oinarria hustu eta hustu, labarra amildu eta sarrerako horma hondatu egin zen eta.

Ibarraren beste aldeko harkaitzari Santorkaria deitzen zaio. Santorkaria ibar jorian, oso arraroa da norbaitekin topo egitea.

Errepide ondoan dagoen bidezidor batetik gora, basoaren gerizpera iritsiko gara, eta hortik abiatuta, hormaren oinetararaino. Trebiņuko haitzuloak eta horiek zulatu zituzten gizonak, oraindik ere, misterioz beterik daude.

Bidezidor batek, sasoi batean herrixka horretako kale nagusi izan behar zuenak, horma guztien oinak inguratzen ditu. Bidezidorrean aurrera eginez, estreinako elizaraino iritsiko gara. Eliza hau Santorkariari eskainita dago.

Aurrez aurre, lehenago ikusi dugun Las Gobas malkarra dugu. Santorkaria bidean aurrera goazela, beste irudi batzuk ikusiko ditugu horman zulatuta. Harritu egingo gara hain ibar txikian zenbat eliza dauden ikusita. Gutxienez, lau eliza daude ibarraren sarrerako bi hormen artean. Hortaz, zenbat gizon eta emakume bizi izan ziren haitzulo hauetan eta haitzen oinetan dauden txaboletan? Ezin, bada, jakin; baina argi dago benetako hiri sakratu batean gaudela. Batzuen iritzirako, hiri hau Turkiako Anatolian dagoen Kapadozia entzutetsua bezalakoa da.

Laņoko ibarra atzean utziko dugu, eta haitzarte estu batetik barrena, ipar ekialderantz joko dugu. Laņotik Markinez herrira abiatuko gara.

Markinezen aurkituko dugu Gurtatia errekastoraino eramango gaituen bidezidorra. Bideari jarraiki, San Salbador haitzuloetaraino iritsiko gara galbiderik gabe. Harrizko aterpe natural baten pean, harpe txiki batzuetarako sarbideak daude.

Markinez herriaren gibelean Sasualde amildegi harrigarria ikusiko dugu. Markinez antzinako jaurerria da. Oraindik ere, zutik diraute harrizko etxe armarridun bikain batzuek.

Herriko parrokia Santa Eulaliari eskainia dago, bisigodoen sasoiko hispaniarren saindurik gogokoena.

Elizaren azpian Askana harkaitz handiaren oinarria dago. Harrian landutako eskailera batzuetatik gora, Santa Leokadia haitzulo-ermitara iritsiko gara. Ermita harkaitzaren barruan eraikita dago. Burdin sare bat jarri zuten ermitaren barrualdea babesteko, labarra amildu egin zen eta.

Markinez herriaren kanpoaldean, iparralderantz abiatuta, San Joan ermita erromanikoa eta Gazteluko haitza ikusiko ditugu.

Herritik irtetzen duen errepidean aurrera eginez, Arluzearantz abiatuko gara. Baina berehala, ezkerrerantz doan bide batean barrena, arabar erromanikoko ermitarik ederrenera iritsiko gara, San Joan ermita.

Markinezetik mendebaldera, Guruguko soilguneetako lautada aurkituko dugu. Han bizi dira Arabako zaldi basatirik hoberenak. Mendebalderantz egiten badugu, Saseta dago. Hortik aurrera, Ayuda ibaiaren arroilan aurrera eginez, Okinaraino iritsiko gara.

Saseta da Okinako arroilara eramango gaituen giltzarria. Mendien lerroa hautsiz, hodeiertzean dakusagun zirrikitua. Saseta Trebiņuko konderrian dagoen herria da. Orain urte batzuk, Saseta desagertzear egon zen, ez zen-eta herritar bat besterik gelditzen.

Saseta izenak "sagastia" esan nahi du. Larrein Tabernako sagasti berrien artean, bidaiariek, oraindik ere, toki ezin hobea aurkituko dute indarrak hartu, eta ibilbidearen azken zatiari ekiteko.

Sasetatik, bideak iparralderantz garamatza zuzen-zuzen. Bertan antzinako Errege Bide baten zatia, zidor zabal eta erosoa aurkituko dugu. Bertatik ibiltzen ziren zahagiz zamatutako mandoak. Bi egun beranduago, alportxak arrain lehorrez eta burdinazko tresnaz beterik itzultzen ziren.

Bidea Ayuda ibaiaren ur gardenen ondotik doa. Eta gero eta itzalagoa eta estuagoa den igarobide batetik zehar jarraitzen du. Ibaia, tarte honetan, errekasto saltari bihurtzen da. Itxura baredun errekasto hau da Gasteizko Mendien hareharrizko barrera higatu duen berbera, Errege Bide hau egiteko erabili zuten arroila sortuz. Errege Bide honi "ardoaren eta arrainaren bidea" ere deitu zioten, hauek baitziren bidean gehienetan garraiatzen ziren produktuak.

Pagoen artetik gorantz goaz, pasabide ilun batean barrena, malda ia-ia nabaritu ere egin gabe. Zenbat eta gorago, zuhaiztia orduan eta irekiagoa da. Hemen ibaia moteldu egingo da, eta estreinako larre mamitsuekin egingo dugu topo, Okinako larreak.

Okina abeltzain herria da, Gasteizko mendien mendebaldean. Herri garaia da, eta neguan, oso hotza. Egun batzuetan isolatuta gelditzen da, elurraren ondorioz.

Abuztuaren 31an, 21:30ean ETB-1en
Estropadak - Regatas ::: EiTB