San Migel Aralarkoaren santutegitik mendi malkartsuz inguratutako paisaia dakusagu. Haitzulo misteriotsuek zulatutako mendietan barrena, ibaiek ildoak egiten dituzte. Eta arrastorik utzi gabe, lur azpian desagertu edo zulo ikusgarrietatik irteten dira.
Eta Aralar mendi magikorantz goazela, han-hemenka, historiaurreko hilobiak eta monolitoak ikusiko ditugu. Lekunberri da gure ibilbidearen abiapuntua.
San Joan elizan babesa eskatuko dugu herensugea bizi den mendira igotzeko. Portale ederrak sartzeko gonbitea egiten dio bidaiariari, XIII. mendetik hona.
Larraun ibaiaren ondoan kokaturik, Lekunberri herri baketsua izango dugu aurrez aurre. Lekunberrin, Nafarroako mendialdeko baserririk ederrenetarikoak eraiki zituzten.
Hemen elurra oso ohikoa da. Egia esan, Lekunberriko Ayestaran hotelean sortu zen euskal eskia, 1912 urtean. Ayestaran hotela kanpamentu aproposa da San Migel Aralarkoaren Santutegirantz abiatzeko. Hoteleko giroak Alpeetako aterpeak dakarzkigu gogora.
Aralar hodeiertzean daukagu zain. Lekunberri atzean utzi, eta Iribaserantz abiatuko gara, ibai baten sorburua ikusteko.
Iribas muino baten gainean dago, estu-estu eraikitako baserri zoragarriekin. Inguru honetako baserriak egundokoak dira; etxe bakoitzean bi etxebizitza daude-eta. Bata familiarentzat da, eta bestea, aziendarentzat. Abeltzain herriak dira, eta hemen, behiek etxean egiten dute lo neguan.
Lekunberri herriaren albo batean San Joan Bataiatzailearen eliza dugu. XIII. mendetik hona, herritarrak elizaren silueta lirainaren babespean daude. Elizatik oso hurbil, bide bat beherantz doa, uretaraino.
Pista honek, galbiderik gabe, Larraun ibaiaiaren ibilguraino garamatza.
Ibaian gora metro gutxi batzuk egin ondoren, Larraunen sorburua izango dugu aurrez aurre. Goroldioz inguratua, erreka lurraren erraietatik sortzen da, haitzen artean emeki-emeki irrist eginez.
Arrazoia dute Larraun ibaiari "euskal Guadiana" deitzen diotenek.
Lezegalde hobiaren barruan, aintzira garden bat dago, hogeita hamar metroko sakonerakoa. Hala ere, hobe dugu ertzera ez hurbiltzea; kondairak dioenez, herensugeak bizi dira-eta leize sakon honen barrenean!
Guk Larraun ibaiaren benetako sorburuaren bila jarraituko dugu. Eta Lezegalde leizetik, lurrezko bide bati jarraiki, gaztainondo zaharren artean gorantz joango gara, astiro baina atsedenik hartu gabe, beste ibai-ibilgu batera iritsi arte. Hona hemen Lezegalde hobian desagertzen ikusi dugun Larraun ibai berbera. Baina, harrigarria bada ere, ibaiak tarte garai honetan Ertzilla izena hartzen du.
Ia-ia errekaren ondotik, bidezidor estu bat doa. Bidezidorrak leku ikusgarri bateraino eramango gaitu: Larraun edo Ertzilla ibaiaren urak, magia bailitzan, harkaitzaren barnetik irteten diren lekuraino.
Bidearen bukaeran dagoen tokiari Aitzarretako sorburua deitzen diote.
Bertara iritsi orduko, errota zahar baten hondakinak izango ditugu aurrez aurre: Ertzillako errota. Ibaiko ura hemendik borborka irten ondoren, presa honetan pilatzen zen. Eta errotak, mende askotan zehar, erabili izan dituen ur horiek.
Euria hemendik irten, eta Aralarko mendilerroan dauden milaka zuloetan erortzen da. Aralar gruyère gazta baten tankerakoa da: barrunbez osatutako labirintoa.
Aitzarretako sorburua atzean utzi, eta basoetan barrena abiatuko gara. Antzinako dolmenen ondotik igaro ostean, Errolanarria begiztatuko dugu Ata haran ezkutuan.
Aitzarretako horma harritsua iraganezina da; baina antzinako bide bati esker, inguratu egingo dugu, zut-zut dauden larreetan gora goazen bitartean.
.
Hemen, gizakiek eta abereek amildegiaren ertzean bizi izatera ohitu behar izan zuten, Aitzarretako ibai izugarriaren lurrazpiko orroa entzunez.
Zelai hauek atzean utzi eta gero, lurralde berezi batean sartuko gara. Kaotikoa ere badela esan daiteke. Aitzarretako larreen gainaldetik bide bat abiatzen da. Bideak, berehala, labirinto karstiko baten tankera hartuko du. Juanene borda izenekoan, eskuinerantz egin eta gure bideari jarraituko diogu.
Juanene bordatik aurrera, ibilbidearen zati luze batean barrena, pagadi trinko batek babestuko gaitu.
Txuritxo Berri trikuarrira abiatuko gara. Hilobi honetan lurperatu zituzten, gaur egun, Aralarren artzain dabiltzanen arbasoak. Hileta-gela hau gure ibilbidearen mugarri izango da.
br>
Hilobi-tumulu honetatik aurrera, bidea beherantz doa etengabe, gorabehera handirik gabe. Gero eta haitz karstiko gehiago dakusagu inguruan. Horrek labirinto itxura ematen dio paisaiari. Burdingurutze gaina, mila metroko altueran, ibilbidearen zati honetako tokirik garaiena dugu.
Burdingurutze gainetik beherantz abiatuko gara Ata haran ezkuturaino. Inguru malkartsu batean barrena ibiliko gara, urak milioika urtetan higatu dituen kare-haitzen gainetik.
Aralar mendilerroan, ehunen bat monumentu megalitiko ikusi ahal izango ditugu. Ikus dezagun Euskal Herri osoko monumentu talderik handiena.
Zineko Gurutze trikuharria daukagu aurrez aurre eta bidean aurrera eginez, neolitikoko artzainen larre sekretuen bila ibiliko gara.
Burdingurutze gainetik beherantz goazela, haran estu eta luze batera iritsiko gara, gogoko ez ditugun begiradetatik eta bisitetatik salbu. Hona hemen Ata harana, larreen paradisua, aziendarentzako babesleku natural ezin hobea. Aralarko artzainek 4.000 urte daramatzate haranera etortzen.
"V" itxurako haran honetara iristean, ezkerrerantz egingo dugu; izan ere, hemendik metro gutxitara harri legendario bat begiztatuko dugu lurrean sartuta eta parez pare daukagu Errolanarria. Errolanarria bi metro beherantz sartzen da lur azpian. Harria haran honen erdian tinko dago, mugarri bat bailitzan.
Ata haranetik, San Migel santutegirako azken igoerari ekingo diogu, sekretu gehiago gordetzen dituen muino bat inguratuz.
Sartu garen leku beretik utziko dugu Ata haran. Eta gure bidean atzera egin eta basora itzuli ostean, errekasto hau erreferentzia puntutzat hartuko dugu. Errekastoaren ibilguari jarraiki, beste ertzera igaroko gara pasabide honetatik.
Errekasto honetatik, zidor batek mendebalderantz garamatza, San Migel Aralarkoa dagen lekurantz, ehun urtetik gorako pagoen artean.
Gorantz goazela ekialdera egingo dugu, eta 1.100 metro inguruko altueran, elurra ikusiko dugu. Haitzetan eta zuhaitzetan margotutako marka txuri eta horiei jarraiki, harrian egindako pasabide batera iritsiko gara. Hona hemen, milaka urtetan zehar, gizakien eta artaldeen oinatzek harkaitzean irekitako ataka.
Antzinako ate hau igaroko dugu, Aralarreko Santutegirako bidean doazen artzainak edo inguruko herrietako baserritarrak izango bagina bezala.
Ataka hau zeharkatzeaz bat, beste isurialdera igaroko gara. Aralar mendilerroaren iparraldeko hegala atzean utzi, eta gure bidaiari jarraituko diogu hegoaldetik.
Hemendik Barrankako haran guztia begiztatuko dugu gure oinetan. Hegal honetako mendi multzoak, beti mendebalderako norabidean, Santutegiraino gidatuko gaitu. Baina bidearen erdian, harri multzo bitxi batekin egingo dugu topo.
Komeni da guk ere harri bat hartu eta multzoan uztea. Eta horrela, honen tankerako zenbait harri-pila egin dituzte Santutegitik hurbil. Hemendik, Santutegiraino helduko gara, amildegiaren ertzetik doan bidean aurrera eginez.
Artxueta mendiaren magaleko kare-harrian zulatutako galtzada honetan barrena, Santutegiaren oinetaraino iritsiko gara.
Barrankako harana gero eta hurbilago dago. Eta bide harritsu honetan ehunka metro egin ostean, San Migel Aralarkoaren Santutegia izango dugu begien bistan. Santutegiaren gertutasunak jarraitzeko gogoa piztu digu. 1.200 metroko garaieran, elurra ohikoa da Aralarko gailurrean.
Gailurrera iritsitakoan ikusiko dugun estreinako gauza Trinitateko ermita izango da. Larrearen erdian dago, antzinako babesleku ireki bat bailitzan, mendiaren erdian kokatutako santutegi txiki eta abegitsu baten gisara.
San Migel Aralarkoa dagoen muinoaren gainetik, Barrankako haranaren ikuspegi bikaina izango dugu. Beriarin mendiaren aurrealdea haranaren bukaeraraino iristen da eta eta Trinitateko ermitatik metro gutxi batzuetara, azkenik, San Migel Aralarkoaren Santutegia begiztatuko dugu.
Sar gaitezen, barrualdea xumea, eta aldi berean, hunkigarria baita.
Eliz atari sakonetik, Santutegiaren benetako ateraino iritsiko gara eta tenplura sartzean, lehendabizi, kapera txiki batekin egingo dugu topo. Alegia, Santutegiaren barruan, kapera txiki bat ere badago.
Santutegiaren nabearen erdian, ikusi berri dugun kapera dago. Eta Santutegiko aldarean, berriz, esmaltezko erretaula ospetsua izango dugu. XII. Mendekoa da, eta Erdi Aroko esmaltezko erretaularik garrantzitsuena omen da Europa osoan.
Santutegia atzean utzi, eta erromesaldia bukatu ostean, ohiturak agintzen duen legez, indarrak berritzea izango dugu hoberena.
Baraibar Aralarrera doazen erromesen ohiko atsedenlekua eta ostatua da. Gure helmuga gastronomikoa Baraibarko San Joan Bataiatzailearen elizatik ehun metro eskasera dago.
"Galartza III" erretegirantz abiatu gara. Erretegia XVII. mendeko baserri bikain batean dago. Ohikoa denez, erretegiaren jabe Ladis Galartzak egiten die harrera bezeroei. Hona txuletoi eder bat jatera etorri gara, tradizioak dioen bezala. Akaso, infernuko suak zigortuko gaitu, horrelako bekaturik eginez gero.
Hemen amaitzen da gaurko ibilbidea. Hamabost kilometro inguru egin ditugu Lekunberritik Aralarko San Migeleraino. Ibai ikusgarrien sorburuak, aspaldiko trikuharriak eta haran ezkutuak ikusi ditugu. Aralar mendiaren bihotzerainoko, mendi magikorainoko, bidaia zoragarria egin dugu.