EiTB.com - Radio y televisión vasca - Euskal Irrati Telebista

2010ko martxoak 19 | 13:19:15
Urdaibai

Argazki galeria

Ibilbidearen mapa

Ibilbidearen mapa

Paleolito garaian, Urdaibaiko lehen ehiztari taldeen babesleku izan zen Santimamiñe. Bertatik harrapakinen zelatan egoten ziren; edo hondartzara jaisten ziren, batik bat, ostrak eta muskuiluak biltzera.

Basondoko harana pasatu ostean Omara iristen gara.

Bertan Oma ibaia sortzen da, Urdaibai arroa elikatzen duten errekastoetako bat. Sortu bezain laster, erreka txiki honek arrastoan sartu eta lanari ekiten dio, burdinola zahar baten palak eta auzo guztiari argia ematen zion turbina bat mugiarazteko.

Ortu eta fruta arbola artean metro batzuk egin ondoren, erreka pasabide batera heldu da eta, landare artean ezkutatzen den bidexka batetik jarraitzera gonbidatzen gaitu. Ezkutuko txoko bat aurkitu dugu: Bolinzulo.

Sakonune batean erabat ezkutatuta, garia eta artoa ehotzen zuten bi errota aurkituko ditugu. Oso ezkutuan daudenez, gerra ostean eta errazionamendu garaian agintariak ez ziren konturatu, eta eskualdean lanean jarraitu zuten bakarrak izan ziren.

Basondo haranean sartuta, bidean aurrera goazela, tarteguneak handitu egiten dira baserri batetik bestera.

Lurraren drainatze naturalari, hezetasunari eta mikroklimari esker, Basondo berebiziko lekua da txakolin mahastiak hazteko. Maiatzean hasiko dira lehendabiziko mahats-mordoak ematen. Santimamiñeko haitzuloaren oinetan, Lezika baserria dago. Bertan, txakolina dastatu, eta bidaian galdutako indarrak berreskuratu ahal izango ditugu.

XVIII. mendeko baserri honetan, jatetxe bihurtuta ere, oraindino gordetzen dute oso-osorik egurrezko mahats-dolare zaharra, atariko txoko batean.

Eta toki honetatik bertatik, bide-zidor batek toki sorgindu batera garamatza... Baso Margotura, hain zuzen ere. Pinu sail honen patua papera egiteko pasta bihurtzea zen, baina Agustin Ibarrolak zuhaitzen azalean egindako margoek argi eta kolore ikuskizun bihurtu zuten.

Baso honetan indar magiko boteretsuak dabiltza, eta beren magiaz hartzen dute eskualdeko ikurra, Ereñozar mendia, Urdaibai bailara ederra ikusteko aukera paregabea dago bertatik.

Kortezubira iritsi aurretik, Enderika auzo zoragarria igaroko dugu. Eta Enderikarantz goazela, zuhaitzen artetik, Forua ageri da errekaz bestaldean erromatarrek euren "foroa" fundatu eta 2.000 urtera.

Uretarantz goazela, Enderikara iritsiko gara. Doneztebe ermitaren inguruan biltzen diren baserri apur batzuek osatzen dute Enderika. Harizti handi baten gerizpean dago, eta ortuak, goitik begiratuta, badirudi padurako lur bustietara hurbiltzen direla.

Kortezubitik aurrera, Urdaibai ibaian itsasontziz ibil daiteke, ura baita kanal eta padura labirinto hau zeharkatzeko garraiobiderik onena. Pantalan txikiek eta itsasontzietara igotzeko arrapala horiek erakusten digute itsasadar hau bizirik dagoela.

Itsasadarraren zenbait lekutan, 4 metro eta erdiko aldea dago itsasgoraren eta itsasbeheraren artean. Mareen gorabeherak direla-eta, jarduera handiko lekua izan da hau, eta ondorioz, asmakizun bitxiak sortu izan dira. Esaterako, marea-errotak.

Arteagako gaztelura hurbilduko gara. Gaztelua berria da baina harresiaren oinarria, 1514koa da, Juan Arteagaren aginduz eraikia. Leinu odoltsu bateko semea zen arren, Juan ez zen inoiz gerrara joan.

Gaztelutik bertatik, Ozollo auzoa zeharkatuz, bide estu batek padurarantz garamatza. Eta uraren ertzean bertan, denboraren joan-etorriari eutsi dioten ezustekoak ditugu zain. Horietako bat Ozolloerrota da. Itsasgorarekin batera, bere baltsa izugarria bete egiten da. Ozolloerrota ere marea-errota da. Euskal Herrian dagoen azkena. Eta Kantauri aldean iraun duen bakanetako bat.

Ozolloerrota mendi-muino baten oinean dago. Muinoa, Isla izenekoa, duela mende asko, urak ia erabat inguratzen zuen. Hemen ermita txiki eta misteriotsu bat ere ikus dezakegu, San Lorentzokoa, alegia.

San Lorentzo da, ziurrenik, Urdaibaiko eraikinik aintzinakoena: X. mendeko eliza. Leiho monolitiko bat du, jatorri ezezagunekoa.

Busturia toki ezin hobea dugu hegaztiak behatzeko, mokoka lurra zulatzen eta janari bila dabiltzan bitartean.

Gure bidean, lehenago ere, ikusi ditugu antzinako marea-errotak. Eta ez gara harrituko, uretatik irteten, beste errota baten horma puskatuak aurkitzen baldin baditugu. Baina gauza guztiek euren alde ona dutenez, hondakin horiek ostra haztegi bat eraikitzeko erabili zituzten duela mende bat. Bertatik hornitzen zituzten Txatxarramendi uhartean egon zen hotel dotoreko mahaiak.

Kanalara iristen gara, marinel herria izan da betidanik eta Urdaibaiko ikuspegirik hoberenetarikoaz gozatzen da bertatik.

Inguru honetan, esangura berezia izan du betidanik Kanalako Legendika elizak. Eta ez hilentzat bakarrik. Bizientzat ere bai. Izan ere, elizaren behealdean oso jende gutxik ezagutzen duen eskailera bat dago. Tunel berde batean zehar, landareek gordetako eta babestutako bide zahar batetik jaitsiko gara. Bide horrek hondartza txiki bakarti batera garamatza. Galtzeko toki aparta da.

Kanalako hondartzak padurak non bukatzen diren erakusten digu. Jarrai dezagun Urdaibaiko eskuin aldetik.

Itsasbeherak Arketako badiatik oso gertu dagoen beste toki miresgarri batera garamatza: Laidako duna handira. Urtetik urtera, gero eta altuago dago.

Urdaibaren ezkerraldean Txatxarramendi uhartetxoa, politenetariko bat, aurki dezakegu.

Itsasadarraren txoko guztiak ezagutzen dituzten ontzi beterano baten atzetik goazela Urdaibain ezkutuan gelditzen den azken txokoetako baten sarrera aurkitu dugu. Hau ere ezkerreko ibaiertzean dago, Sukarrieta eta Mundakaren arteko mugan, hain zuzen ere. Portuondoko badia da. Ezkutuko ainguralekua; itsaslasterretatik, ekaitzetatik eta gogoko ez ditugun begiradetatik babestuta dagoena.

Eta dagoeneko gure ibilbidearen amaiera ikus dezakegu: Mundaka. Mundaka, Urdaibaiko bokalean dagoen lehenengo babesleku segurua da. Haitzez osatutako kala naturala da Mundaka, Talaia eta Santa Katalina kaien babesari esker gotortua.

Urriaren 28an ETB-2n
Estropadak - Regatas ::: EiTB