Araba hegoaldean barrena ibiliko gara, XII. mendera arte, Nafarroako eta Gaztelako erresumak banatzen zituen mugaren aztarnen bila.
Muga izandakoan, iraganaren aztarnak aurkituko ditugu: ikuspegi bikaina duten gazteluak harkaitzen gainean, antzinako hiri harresituak eta dorre sendoak Erdi Aroko bidaiarien eta armada etsaien zelatan. Gaur, Kantabriako mendilerroaren tokirik garaienera igo, eta mahastietako sigi-sagan murgilduko gara "Ardo eta gazteluen ibilbidea" egiteko.
Irailean, Labastidako ur-jauziko mahastiak, Ebro ibaiaren ertzean, borborka egoten dira. Mahatsa puntu-puntuan dago, eta arin ibili behar da jasotzeko.
Ibaia muga naturala da lursail oparo eta emankor hauetan Kantabriako mendilerroak babesten ditu iparraldeko haizearen erasotik. Ebrotik iparralderantz goazela, lehendabiziko defentsa-gotorlekua Labastida da. Muino honetan sortu zen, Nafarroako erresumaren mugak zaintzeko.
Labastidan sartzeko, mahats bilketarako erabiltzen den traktore bati jarraituko diogu. Eta Larrazuria arku errenazentistaren azpitik igaroko gara, mahats-aleek, upategietarako bidean, betidanik egin izan duten antzera.
Labastidako Kale Nagusian ugari dira jauregiak, jakituriaren eta boterearen erakusgarri. Kalea La Paz plazan amaitzen da.
Ezkerrean, Salazar jauregia dago, gaur egungo Kultur Etxea. Badirudi Udaletxea eta Kultur Etxea elkarren lehian dabiltzala, zein baino zen dotoreago.
Plaza erdiko iturria Andre Mariaren Zeruratzea eliza ikusgarriaren oinetan dago.
Ia 300 urte behar izan zituzten eliza altxatzeko. Elizaren portada bikaina da, eta kanpandorrea izugarri garaia; badirudi Labastidaren oinetan zabaltzen den lautada zaintzeko egin zutela. Kanpandorrea, herriko beste tenplua bezain altu dago: Kristo Santua eliza.
Kristo Santua eliza dagoen muinoraino igoko gara. Eta gorantz goazela, Toloņoko atearen azpitik igaroko gara. Toloņoko atea herria babestu zuen harresia zeharkatzeko aterik zaharrena da. Hemendik, Castillo tontorrerako igoerari ekingo diogu.
Kristo Santua eliza Castillo muinoaren gainean dago. Kristo Santua eliza gotorleku bat bailitzan egin zuten; bertatik, Ebro ibaia baino harantzago dagoen lautada guztia kontrolatzen baita.
Utz ditzagun, momentuz, hegoaldeko lurrak, eta abia gaitezen iparralderantz. Eta hain zuzen, Castillo tontorrean gaudela, lurrezko bide bat hartu, eta Granja de Nuestra Seņora de Remellurira iritsiko gara; eta, ondoren, maldan gora, Toloņo mendiaren gailurreraino.
El Calvario bideak, horrela deitzen zaio, Kantabriako mendilerroraino garamatza, galbiderik gabe. Labastidako muinotik bertatik, El Calvarioko bidexkari jarraituko diogu. Bidexkak Kantabriako mendilerrorantz garamatza, Toloņo mendia dagoen aldetik.
Baina guk ekialderantz egingo dugu apur batez, Granja de Nuestra Seņora de Remelluri upategi entzutetsua bisitatzeko eta indarra hartzeko, Toloņorako bide malkartsuari ekin aurretik.
Eta mahats-bilketa sasoian etorriez gero, ikuskizunaz gozatzeko parada izango dugu. Mahasti hauek Ebro ibaiertza baino gorago daude; horregatik, hasten da hemen, mahats-bilketa, gutxienez bi aste geroago.
Ermita honetatik metro gutxira biltzen dute upategi honetako mahatsa. Hemengo monjeek zabaldu zuten Errioxa osora ardoa egiteko ohitura. Eta monje horietako batzuk ermitan bertan hobiratu zituzten. Oraindik ere ikusten dira hilobi batzuk ermitaren ondoan.
Granja de Remellurin, oraindik ere, ezusteko gehiago daude gure zain. Izan ere, ermitatik metro gutxira, nekropoli bikain bat dago: eta bertan gizaki- itxurako hilobiak, duela mila urte, harkaitzean zulatuak.
Hemen, Toloņo mendiaren babespean, lurperatu zituzten inguruotan bizi izan ziren estreinako kristauak.
Nuestra Seņora de Remelluritik, gorantz jarraituko dugu, Toloņo mendiaren gailurreraino. Eta bidean gora goazela, zenbait txokok txundituta utziko gaituzte.
Etxalde zahar batzuen hondakinen ondotik, San Gines ermitaraino iritsiko gara. Leku baketsu bat da eguzkipean, harrizko tenplua babesten duten itzalen artean. Ermita barruan, San Gines, San Lorentzo eta San Juanen irudiak daude gordeta.
Bideari jarraitu behar diogu. San Ginesetik abiatzen da Toloņo mendira joateko antzinako bidea. Ziurrenik, bide horretatik gora joango ziren mendiko santutegian bizi izan ziren monjeak. Basoaren erdian, dorre bakarti batek erakarriko gaitu. Badirudi galduta dagoela.
Tabuernigako dorreara helduko gara.
Horma zahar hauek atzean utzi, eta jarrai diezaiogun gure ibilbideari. Hori bai, bideari ekin aurretik, atzera begiratu, eta lurralde hau leku galdu bat irudituko zaigu.
Hona hemen Toloņo gailurra, mendilerro guztiari izena ematen dion mendia. Kantabriako mendilerroak lursailak eta paisaiak banatzen ditu. Toloņo mendia babesik onena da mahastiak ipar haize hotzetatik gordetzeko.
Baina Toloņo mendiaren gailurrerantz abiatu aurretik, atseden hartzeko, geldiune bat egingo dugu El Humilladero ermitan, terraza natural txiki batean.
Toki aparta da atsedenerako, ikuspegi zoragarri batekin.
Berrehun metro gorago, harkaitzen artean, monjeen eta gerlarien bizimoduaren aztarnak aurkituko ditugu. Gaur egun saiak baino ez dira bizi bertan.
Ikusten dugun estreinako gauza zulo biribil bat da, gizakiek egindakoa. Hemen Toloņoko Santutegi zaharraren elurzuloetako bat aurkituko dugu.
Metro batzuk gorago, Toloņoko Andra Maria komentua ikusiko dugu atzean hodeiertz garbia duela.
Komentuko hondakinetatik oso hurbil, ia-ia gailur harritsuaren gainean, Toloņoko gaztelua zegoen; gotorleku bat lautadako mugimendu guztiak kontrolatzeko aproposa, baita Ebrotik haratagoko meandroak ere. Gotorleku menderaezina zen, Nafarroako erresumaren mugan.
Zaldi basatiak, Toloņotik ondoko zelaietan belarra jaten eta lauhazka dabiltza. Toloņo mendiko zutoin geodesikoan, iparralderantz begira jarriko gara, eta beste gotorleku bat ikusiko dugu aurrez aurre: Urizaharra.
Goazen bada, ibarrerantz eta ezagutu ditzagun Bergantzu eta Ocio herriak.
Bergantzu bitan banatzen du Inglares ibaiak. Ibaia estutu egiten da Beheko Zubitik igarotzean. Bergantzuko San Migel eliza ez da beti eliza izan.
Bergantzu atzean utziko dugu, eta mendebalderantz abiatuko gara, antzinako Errege Bideari jarraiki, Inglares ibaiaren ezkerraldetik.
Bergantzu utzi aurretik, beste eraikin bat ikusiko dugu: Larreko Andra Maria ermita.
Errege bideak, Inglares ibaiaren parean beti, beste gune estrategiko batera garamatza. Hiru kilometro besterik ez ditugu egin beharko bertara iristeko. Hodeiertzera begiratuz gero, bertan ageri da.
Ocioko gaztelua aurkituko dugu.
Lanos muinoaren gainean eraikia, gotorlekua Ocio herrixkaren zaindari gisa dago. Ez da erraza gotorleku hau garaitzea, albo guztiak oso zorrotzak baitira, eta inguruan lau harrizko uztai baitaude bata bestearen barruan sartuta. Beraz, ia ezinezkoa da barruan sartzea.
Baina gu hondatutako hormak zeharkatzera ausartuko gara. Eta bidenabar, gogoraraziko dugu Burdin Aroko gizakiek ere hemen hartu zutela aterpe, kono itxurako muino honen tokirik garaienean. Gaztelu honen hormak ere Sarmientotarrek, Bergantzuko eliza jaso zuten berberek, eraiki zuten, duela ia 700 urte.
Pentsatzekoa da Sarmientotarrek, euren burua boteretsu sentituko zutela, hemen bizi izanik; Ocioko biztanleak baino 110 metro gorago baitzeuden.
Inglares ibaia bare-bare doa mendebalderantz. Ibaiak ibar guztia zeharkatuko du, Ebro ibaiarekin bat egin arte.
Hemen utziko dugu Inglares ibai. Eta Errege Bidearen antzera, gu ere hegoalderantz abiatuko gara, Buradon Gatzaga zeharkatu eta, azkenean, Ebro ibaia topatuko dugu berriro. Horrela, amaiera emango diogu gure ibilbide zirkularrari.
Buradon Gatzaga, hiribildua da, eta bertara gazteluko bi atetatik sartu ahal izango gara. Sar gaitezen iparraldeko atetik.
Kale Nagusian eta Laurel kalean barrena goazela, herriko jauregirik onenak ikusiko ditugu. Andra Maria Sortzez Garbiaren eliza ez da Gatzagako eraikinik sonatuena.
Tenplua lehian dago ondoko eraikinarekin: Oņatiko Kondeen jauregiarekin, hain zuzen. Jauregia hondoak jota dago, baina hala ere, merezi du barrura sartzea.
Jauregiaren barruan beste eraikin bat dago-ta: Buradon Gatzagako dorrea. Multzo osoa tipula arkitektoniko baten tankerakoa da, geruza bat baino gehiagorekin.
Lehendabizi dorrea eraiki zuten; Sarmientotarrena zen. Familia hau Bergantzu eta Ocio bisitatu ditugunean, ezagutu dugu. Gerora, Oņatiko kondeak bere jauregia eraiki zuen, dorrea inguratuz. Horrela, bi babesleku egin zituen jabetza bakarrean.
Dorrea jauregia bezain hutsa dago. Lau paretetako hormek baino ez diraute zutik.
Buradon Gatzagatik aldenduko gara laster.
Hegoaldeko atetik irtengo gara; duela zazpi mende zegoen bezala dago. Etxez eta jauregiz jositako herrigunea atzean utzita, aldenduko gara Buradon Gatzagatik. Eta gure ibilibidearen zirkulua ixteko, hegoalderantz joko dugu Ebro ibairantz.
Conchas de Haro izeneko haitzek itxiko dute gure bidea. Haitz malkartsuotan ere inguruak zaintzeko gotorleku bat altxatu zuten: Buradongo gaztelua,
Nafarroako erresumako azkena, Bilibioko gazteluaren parean. Bilibio Gaztelako ekialdean dago, bazter batean, ibaiaren beste aldeko haitzen gainean.
Ebro ibaiak mendian egin duen ildo honetan bukatuko dugu geure ibilaldia. 27 kilometro inguruko bidaia, Ebro ibaian hasi eta amaitu dena. Bidean geldialdi batzuk ere egin ditugu, besteak beste, Labastidan, Toloņon, Bergantzun, Ocion, eta Buradon Gatzagan.
Ebro ibaia muga naturala da. Ikusi ditugun mahastietako elikabideaz gain,