Lea ibaian gora joango gara, Lekeitioko hondartzatik hasita. Jauregi eta dorretxe zaharren ondotik ibiliko gara. Antzinako irin-errotetako presen gainetik ere igaroko gara, eta burdinolak ikusiko ditugu. Lea ibaian gora.
San Nikolas uharte bakartian ekingo diogu gure ibilbideari.Izan ere, San Nikolas uhartea Lekeitioko portuaren sarrerako bokalean dago. Gaur egun, umeek pirata edo baleazale jolasetan jarduten dute uhartearen inguruan. Itsasgora denean, txalupa hartu behar da uhartera iristeko; itsasbehera denean, harrizko bide batek zuzenean San Nikolas uharteraino eramango gaitu.
Dike honetatik zehar uharteraino joan ahal izango gara oinez. Sar gaitezen Lekeitioko portuan, itsasotik datozen arrantzaleek antzina-antzinatik egiten duten bezala.
Hemen, oraindik, lehorreratu berri den arrain freskoaren usaina har daiteke egunero. Ontzi gaineko lana ikusteko talaiarik onenetarikoa Tingloiko Moila da.
Udaletxearen aurrean, Santa Maria eliza dago, Bizkaiko tenplu gotiko aberatsenetako bat. Arbotante ikusgarri batzuek erdiko nabeari eusten diote.
Hareharrizko portale ikusgarriak eliza barrura sartzeko gogoa eman digu. Eta luzaro gabe, sartu egingo gara, askoz ikusgarriagoa den zerbait dago-eta bertan.
Erretaula nagusia bikaina da. Euskal Herriko eliza guztietako aldare gotikorik handiena da, eta Toledoko katedralean dagoenaren parekoa. Erretaula zoragarri honek laster beteko ditu 500 urte. Maisu tailagile ugari aritu ziren lan hau egiten, eta bizitzako bost urte eskaini zizkioten urrez estalitako obra zoragarri honi.
Santa Maria elizatik irten, eta alde zaharreko kale estu batetik gora goazela, Uriarte jauregia ikusiko dugu.Fatxada ostean, antzinako dorretxe bat ikus daiteke teilatuaren gainetik.
Isuntzako hondartzatik Lea ibaian gora egingo dugu, eta ezkerraldean ikusiko dugun estreinako gauza Lekeitioko ontziola zaharretariko bat izango da. Isuntzako zubiari izugarrizko arkua egin zioten, azpitik pasatzen ziren ontzien mastak kendu behar ez izateko. Zubi honen ganga Bizkaiko garaienetarikoa da, eta piloterik gabe eraiki zuten.
Isuntzako zubiaren begi handia igaro eta gero, beste ontziola bat aurkituko dugu: Toki honetan, mapa zabalduko dugu eta jarraitu behar dugun bidea aurkitu ondoren, ontziola honen parean dagoen bidezidor bat hartuko dugu. Hortik, ibaiaren beste aldera, Lea ibaiaren eskuineko ertzera, igaroko gara.
Errege-bide honen ertzean Mareaerrotako horma luzea ikusiko dugu. Dagoeneko, abandonatuta dago. Gerrateei eta uholdeei aurre egin zien, ia 400 urtez, baina mende bat baino gehiago da alerik ehotzen ez duela. Hemen, mareei esker, ur geza eta kresala nahasten dira oraindik.
Lea ibaian gorantz goazela, lasai-lasai paduraren ertzetik ibiliko gara, eta ametsetako jauregiak ikusi ahal izango ditugu. Zubieta jauregia deitzen da eta etxaldearen albo batean, zalditegia eta jauregiko zerbitzarien etxebizitza ikusiko ditugu. Gaur egun, hotel atsegin eta xarmangarria da Zubieta jauregia.
Lea ibaiaren ertzetan ustekabe ugari daude gure zain. Lohiak estalitako txalupa zaharren eskeletoak aurkitu ahal izango ditugu eta baita jolaserako itsasontzi modernoak ere. Orain, Arropaingo paduran gaude. Toki honetan, landareak, hegaztiak nahiz martxan dauden ontziolak aurkituko ditugu bata bestearen ondoan.
Guk ibaian gora jarraituko dugu eta Arropaingo paduratik, ia-ia Zubieta jauregiaren ondotik, antzinako errege-bidearen aztarnari jarraituko diogu, Lea ibaiaren eskuinaldean. Bideak ontzi batzuetaraino garamatza. Kolore biziz margotuta, etzanda daude belarraren gainen. Hauek dira antzar egunean erabiltzen dituzten txalupak. Txalupa horiek Ospitalzarra ondoan daude. Ospitalzarra orduko ospitalerik aurreratuena izan zen.
Gure bidaiari jarraituko diogu, beti ere, Lea ibaian gora. Hurrengo geltokia Oleta dugu.
Oleta bidegurutze bat da. XXI. mendeko bidaiariak ere Oletan gelditzen dira, duela bostehun urteko mandazainek egiten zuten bezala. Mandazainek tabernak eta ostatuak betetzen zituzten sasoi hartan.
Oletatik aurrera ez dira mareak iristen, eta Lea ibaia estutu eta bihurritu egiten da, Gizaburuagarako bidean. Gu Lariz-Oleta errotan geldituko gara. Itsasadarra ibai bihurtuko da betiko, eta lanari ekingo dio. Lariz-Oleta errota da bere lehenengo makina.
Etxearen atzealdean, landarez estalia, aldaparoa aurkituko dugu. Aldaparoa ur biltegi erraldoia da, errotak etengabe lan egiteko erabiltzen zena.
Pedro Bernardo Villarreal de Berriz ingeniariak presa mota berri bat diseinatu zuen. Lekeitioko Uriarte jauregian bizi izan zen. Sasoi hartara arte, presak harresi zuzenak izan ziren. Eta Pedro Bernardok arku formako presa hau eraiki zuen, kontrahorma eta guzti. Ur gehiago eduki zezakeen, sendoagoa zen, eta gainera, merkeagoa. Benetako iraultza teknologikoa.XVIII. mendearen hasieran, Pedro Bernardori esker, Lea ibaian zehar, berrikuntza hidraulikoak, munduko aurrerakoienak, ugaritu egin ziren.
Gizaburuaga ibaiaren meandro batean dugu zain.
Gizaburuagako Santa Katalina elizaren hegoaldean, jatorrizko ate gotikoa ikusiko dugu. Ate hori, gaur egun, leiho bat baino ez da.
Lea ibaian gora goazela, Gizaburuaga baino laurehun metro aurrerago, pasabide bat aurkituko dugu. Haitzak higatuta daude, bertatik igarotzen ziren gurdien gurpilen ondorioz. Pasabide horretatik, ia ezinean, txoko zoragarri, bakarti eta ezkutu batera iristen ziren. Oibarko Andra Mari ermita dugu txoko hori.
Ermita honetatik 200 metrora Bengolea burdinola dago. Duela hiru mende, bailara osoko lantegirik aurreratuena izan zen burdinola hau. Sasoi haietan, ia 80 tona burdina ekoitzi zituzten urte bakar batean. Lan eskerga garai haietarako. Presa honetako urak bost gurpil handi mugiarazten zituen. Gurpil haiek, aldi berean, burdinolako bost gabi ikaragarriei eragiten zieten, burdina jo eta lantzeko.
Dorretxe hartatik Errege Bidea ere kontrola zitekeen. XVIII. mendeko galtzada hartatik, harri batzuk besterik ez dira gelditzen. Guk galtzada horri jarraituko diogu, gure bidaian aurrera egiteko. Bidean aurrera goazela, Lea ibaiaren ertzean dagoen beste makina batera iritsiko gara: Angizolea burdinolara.
Lea ibaia, gaur egun, Bizkaiko ibairik garbienetakoa da. Baina Lea ibaiaren 20 kilometroetan barrena hamabost burdinola egon ziren. Burdinola haiek, mendeetan zehar, kutsatu egin zuten Lea ibaia. Angizolea burdinola Aulestitik hurbil dago.
Aldekoa jauregiak, San Joan Bataiatzailearen elizak eta Udaletxeak osatzen dute Aulestiko plaza bikaina. San Joan Bataiatzailearen elizako dorre ikusgarriak txundituta utziko gaitu, Aulestira lehendabizikoz etortzen bagara. Plazaren beste aldean, Zarrabenta jatetxean. Zarrabenta, antzina Aulestin gelditzen ziren bidaiariak hartzen zituzten ostatuen eta tabernen tankerakoa da.
Itzul gaitezen bidera. Aulestiko irteeran, Lea ibaiaren gaineko zubiaren pasabidean, dorretxe sendo bat dago. Pedro Ibañez Aulestikoak eraiki zuen, orain dela bostehun urte. Gaur egun, dorretxea etxebizitzaz inguratuta dago; baina, oraindik ere, toki garrantzitsua du Lea ibaiaren bidean.
Munitibarrerantz goazela, Lea ibaiaren bide bihurriak Uribe errotaraino eramango gaitu. Errota hori izango da gure ibilbidean ikusiko dugun azkena.
Uribe errotan, oraindik ere, urez betetako aldaparoa ikus daiteke. Ura lur garaietatik dator. Munitibarren hartzen du Lea ibaiak bere izatea. Izan ere, Munitibarren, elkartzen dira Oiz menditik behera datozen hainbat errekasto, eta Lea ibaia sortzen dute.
Orain, goazen Munitibar gainean dagoen auzo bat ikustera. Gerrikaitz da auzo hori. Antzinako Kale Nagusitik sartuko gara gaur egun abandonatuta dagoen auzo honetara. Sastrakak eta ortuak jaun eta jabe dira Gerrikaitzen. Lur hauetan, duela seiehun urte, etxebizitzak eta lantegiak zeuden. Hiribildu hartan hogei sutegi lanean aritu ziren aldi berean. Hain zen handia mazoen eta mailuen zarata, osasunarentzat arriskutsua zela salatu zuten. Orain dela seiehun urte ere bazen kutsadura akustikoa!.
Gerrikaitzen agur egingo diogu Lea ibaiari. Ibaia lagun izan dugu gure ibilbidearen hasieratik. Ibaia atzean utzi eta errepidea hartuko dugu Magumaraino. Oiz mendiaren magalean, Magumako portaleak aurkitzen saiatuko gara. Maguma auzoa dozena erdiren bat baserrik eta ermita txiki batek osatzen dute.
Baina bostehun urte baino gehiagoz, ezinbestekoa izan zen Maguma auzoan gelditzea. Izan ere, toki honetatik oso gertu zegoen Lea ibarretik Durangaldera igarotzeko pasabidea.
Mendian gora, Oiz mendiaren mendebaldeko mendikaterantz goazela, azkenik, gure helmuga aurkituko dugu: Magumako portaleak.
Lea ibaian gorako biderik zailena basoan ezkutatuta dago. Eta mundu berrirako ate hau zeharkatu dutenek euren aztarnak utzi dituzte bertan.
Iritsi gara Lea ibaian gora egin dugun bidaiaren amaierara. Lekeitioko hondartzan hasi, eta Oiz mendiaren inguruetara iritsi gara. Gutxi gorabehera, hogei kilometroko bidea egin dugu.