EiTB.com - Radio y televisiķn vasca - Euskal Irrati Telebista

Burdinaren bidea
Ibilbidearen mapa

Ibilbidearen mapa

Gure ibilbidea Larreinetako funikularren hasiko dugu. Funikularrak Trapagarango behealdea eta meatzarien auzoak lotzen ditu: Larreineta eta Zugastieta. Funikularra 1926 urtean eraiki zuten, isolatuta, lanean ziharduten bost mila meatzari baino gehiago elkartzeko. Eta bidean gora goazela, burdinaren bide guztia ikusi ahal izango dugu: itsasadarra, portua eta itsasoa. Hemendik eramaten zuten burdin minerala Europa osoko labe garaietara.

Larreinetako geltokitik kilometro eskasera Zugastietako herrixka aurkituko dugu. Eta bidean aurrera goazela, antzinako meatzeen esparruak ikusiko ditugu, gaur egun, aisialdirako gune zoragarri bihurtuta.

Larreineta atzean utzi bezain laster, horma-irudi batek meatzarien bizimodua nolakoa zen goraraziko digu. Urrunean, paisaia malkartsua, puskatua, begiztatuko dugu.

Zugastieta meatzeen inguruan sortu eta hazi zen. Zugastietako etxeak ia-ia meazuloen ondoan eraiki zituzten-eta. Zugastietan hemezortzi kale zeuden. Horretaz gain, herriko plaza, Herriko Etxea, eliza eta ospitalea ere baziren. Ospitalea behar-beharrezkoa zen sarri gertatzen ziren istripuetan zauritutakoak arin sendatzeko.

Herriko plazara hurbilduko gara. Berton badirudi denboraren joana gelditu egin dela. Herriko plazak aisialdirako toki izaten jarraitzen du, duela ehun urte, meatzariek igandetan ere lan egiten zuten sasoian, gertatzen zen bezalaxe. Plaza honetan sortu ziren lehen langile-mugimenduak, mila lekutatik etorritako beharginak elkartzen hasi zirenean.

Casa Sabina ostatu ezagunean, bertako babarrun ospetsuak dastatuko ditugu, sakramentu eta guzti. Meatzariek pikatxoiak eta barrenak etengabe mugitzeko erabiltzen zuten erregaia. Jatetxe hau oso ezaguna da bertako babarrunengatik; baina Pasionaria zerbitzari ibili zelako ere bai.

Zugastieta atzean utzi, eta meatzarien bide zaharretik gorantz goazela, burdinak urratutako inguruetara iritsiko gara. Horietariko bat dugu Pickwik meatzea. Kareharrizko, iratzezko eta goroldiozko labirintu hau da Pickwik meatzearen azken aztarna. Behinola, burdin mineralaren zainek estaltzen zituzten pasabide hauek. Meatzearen zoko guztiak aztertzen eta husten zituzten meatzarien pikatxoiek eta barrenek. Horrela, altxor preziatua atera ondoren, pottoken gainean, trenentzako zama-lekuetaraino eramaten zuten.

Pinuen adarren artetik, aisialdirako toki aproposa begiztatuko dugu. Meaztegi golf-kluba. Izenak berak dioenez, meatze izandako lursailetan dago. Meaztegin lasai-lasai jokatzen dute golfean, lakuen ertzean. Urmael horiek antzinako dekantazio baltsak dira. Bertan garbitzen zuten Carmen meatzeko burdin minerala. Garbitu ostean, mineralarekin nahasita zetorren lohia baltsan gelditzen zen.

Aurrera eginez, gure ibilbideko mendirik garaienetarantz abiatuko baikara. Bidean gora, Arbaltzagako Ingurugiroa Ezagutzeko Zentrora iritsiko gara. Bertan lortuko dugu gure bidea aurkitzeko behar dugun dokumentazio guztia. Horretaz gain, meatzariek antzina erabiltzen zituzten gauzak ikusi ahal izango ditugu. Esaterako, aireko tranbia bat, bagoitxoz osatua. Tranbiak, garai batean, mendi hauen gaineko zerua zeharkatzen zuen, burdin minerala garraiatzeko.

Bailararuntz goazela Elvira meatzean lanean jarduten zutenen barrakoiak aurkituko ditugu. Hemen, Trianoko mendien hegoaldeko magalean, ia beti aire zabalean ateratzen zuten minerala, harkaitzak lehergailuekin lehertuz, eta ondoren, blokeak, mazoekin kolpeka, hautsiz.

Gure bidean mendebalderantz eginez, meatze hauen gunerik garrantzitsuenera iritsiko gara. Hurbil gaitezen, meatzariek elikagaiak erosteko izan zuten toki bakarrera, El Sauco kooperatibaren hondakinetara. Bitxiena da kooperatiba honen jabeak meatzeen jabeak ere bazirela. Hortaz, meatzariei ordaintzen zizkieten soldatak berreskuratu egiten zituzten denda honi esker!

Mendi-hegalean behera goazela, berehala, Galdames ibarra begiztatuko dugu. Tren motel batek malda hauetan behera eramaten zuen Pepita meatzeko burdina, ibarraren bukaeraraino. Guk ibilbide berbera egingo dugu, El Sauco kooperatiban hasi eta Galdameseko la Aceņa auzoraino. Baina erdibidean geldialdi bat egingo dugu, Magadalena meatzea ikusteko; benetan, meazulo misteriotsua.

Haitzuloaren sarbidetik gutxira, ermita bat ikusiko dugu aurrez aurre haitzuloaren barrenean, Maria Magdalenari eskainia. Eta uztailaren 22an, ohitura denez, Zugastietako, Trianoko edo Galdameseko zaldunak ermitaraino igotzen dira, eskaintza bat egitera.

Orain muinoan behera joango gara, burdin mineralaren ibilbide berbera eginez. Galdameseko La Aceņa auzora iritsi arte. La Aceņan, minerala tren txiki batean sartu, eta zuzen-zuzenean, Bilboko itsasadarrera eramaten zuten; han zain egoten biatziren itsasontziak.

La Aceņan Barbadun ibaia aurkituko dugu; eta ibaiari jarraiki, bokaleraino helduko gara. Ibaian behera goazela, bete-betean, bide berde batean sartuko gara. Hemendik igarotzen zen "Bilbao River Cantabrian Railway" konpainiaren trena, burdin minerala Portugaleteko porturaino garraiatzeko. Trenbidea Barbadun ibaiaren ondotik doa.

Uretan beherantz, Muskiz aldera, goazela, Muņatones gazteluaren ingurura iritsiko gara. Baina, nahitaez, aurretik, El Pobal burdinolan geldialdia egin beharko dugu.

Akazia eta gaztainondo sendoen gerizpean, Barbadun ibaiaren ezkerraldean gordeta, El Pobal burdinola izango dugu aurrez aurre. Bizkaiko burdingintzaren historiaren harribitxia, XVI. mendean eraikia eta baita . lanean jardun zuen azken burdinola.

Burdinaren bideak itsasoan bukatzen dira, eta harantz garamatza Barbadun ibaiaren ur-lasterrak, burdinolaren ondoan dagoen Erdi Aroko zubiaren azpitik. Zubitik behera abiatzen ziren El Pobal burdinolan forjatutako produktu guztiak.

Aurrera eginez, Pobeņara eta La Arena hondartzara iritsiko gara, autobidearen zubiaren azpitik igarotzen den bide berdeari jarraiki. Baina bideari ekin baino lehen, eraso diezaiogun gaztelu bati.

Muņatones gaztelua, Salazartarren aginte gunea. Salazartarrena Erdi Arotik hona izan den burdinaren inperio handiena izan da.

Barbadun ibaiko paduraren ondotik, bidegorri batek Kantauriko autobideko zubi handiaren azpitik garamatza, burdinak egiten zuen ibilbidearen bukaerarantz: itsaso zabalerantz. Barbadun ibaia La Arena hondartzan itsasoratzen da. Bertan harri bloke handi batzuk aurkituko ditugu parez pare, airekko tranbiaren habeen hondakinak dira. Tranbiak burdina garraiatzen zuen Carmen meatzetik, Meaztegi golf kluba dagoen toki beretik.

Barbadun ibaiko bokalearen ezkerraldean, Pobeņan, tren txiki baten bideari jarraituko diogu. Trena, mineralez kargaturik, itsaslabarraren ertzetik maldan gora abiatzen zen, burdina zama-lekuan zain zeuden itsasontzietan kargatzeko. Campomar muinoan Bizkaiko mineral-garbitegirik handiena egon zen. Garbitegia jartzeko toki hau aukeratu zuten, itsasoko ura erabil zitekeelako. Emakume askok eta askok "hautaketa" izeneko lanean jarduten zuten. Eskuz aukeratzen zuten minerala, tamainaren arabera. Eta Europako aireko tranbiarik garrantzitsuenak, muinoen eta ibarren gainetik kilometroak eginez, hemen uzten zuen burdin minerala, itsasoko ura gorriz margotzen zuen garbitegi honetan.

Itsaslabarraren ertzean bertan, zama-leku ospetsuak, el Castillo Punta, oraindik ere, zutik dirau. Amildegiari eta itsaso zakarrari aurre eginez, maniobra arriskutsuak eginarazten zizkieten ontzi guztiei, minerala kargatzen zuten bitartean, haitzen aurka jo ez zezaten.

Abuztuaren 17an, 21:30ean ETB-1en
Estropadak - Regatas ::: EiTB