
Zazpi metro baino gehiagoko olatuak eta hondoko itsasoko igoerak ekarriko du denboraleak larunbateko arratsalderako. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta maila igo eta arrisku gorria ezarri du. Era berean, euriteengatik eta haize zakarrengatik ezarritako alerta hori koloretik laranjara igaro da. Haizea ere zakartuko da datorren orduetan.Ipar-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura hartuko dute ageriko lekuetan eta 100 km/h-ko abiadura itsasertzean bereziki. Iganderako, behintzat, mantenduko dira alerta hauek. Euskalmeten arabera, euriteak ere azpimagarriak izango dira, 60 l/m2-ko baino gehiago botako baitu. Larunbat arratsaldetik aurrera eta igande osoan zehar zaparradak eta ekaitza gogorrak botako ditu. Txingorra ere egin dezake.
Arreta handiz ibiltzeko eta itsasoan eta kostaldean aisialdi jarduerarik ez egiteko eskatu die herritarrei Herrizaingo Sailak. Ildo berean, alerta maila jaitsi arte kotxea ez erabiltzea gomendatu du. Edozein larrialdietarako SOS DEIAK zerbitzuaren telefonoa 24 ordutan dugu eskura.
Alerta ere Nafarroan
Euriteengatik, haize zakarrengatik eta kota altuetako elurrarengatik ezarri du alerta Larrialdietarako Nafar Agentziak (ANE) Nafarroako Autonomia Erkidegoan.
Meterologia txostenaren arabera, euriteak izateko arriskua altua da nafar lurraldean, kantaurialdean batez ere. 12 ordutan pilatutako ur kopurua 100 l/m2-koa izan daiteke. Iragarpenek diotenez, haizeak gogor joko du eta 100 km/h-ko abiadura har dezake erdiko zonaldeetan eta Piriniotan, eta 90 km/h-ko abiadura Ebroko erriberan eta kantaurialdean.
Elurra ere hizpide izango dute Nafarroan. Pirinioko zonaldean, kantaurialdean eta erdialdean 30, 12 eta 10 zentimetroko lodierak, hurrenez hurren, har ditzake elurrak. Elur-kota 1.200 metrotik gora mantenduko da.
Euriteak, tarteka
Datozen orduetarako Euskalmetek egin duen iragarpenaren arabera, zaparradak oso ugariak izango dira, kantaurialdean bereziki. Larunbateko eguerditik aurrera, txingorra ere botatzeko arrisku handia dago. Elur-kota 1.100-1.300 metro inguruan kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Iganderako egoera bere horretan mantenduko da. Haize zakarra eta olatu handiak (7 metroraino heldu daitezkeenak) izango da azpimagarriena. Tenperaturak gutxi jaitsiko dira. Astelehen arratsaldera, gutxienez, izango ditugu haize-bolada eta zaparrada bortitzak.
Gobela bezalako ibaien ubideei jarraipena egin die larrialdietarako agintariek, bere ubidetik ateratzeko arriskua dela eta. Momentuz, ez da gertakaririk suertatu.
Denboralearen lekukoak dira gure erabiltzaileak. Haien argazkiak ikus ditzazkezu Eguraldiblogen.
Ezagutzera eman
Sare sozialak
Lagun bati bidali
EmbedErakutsi eduki hau zure webean edo zure blogean:





