Albisteak

Ekonomia

Ekonomia

Greba funtzio publikoan

Sindikatuek eta Gobernua iritzi ezberdina dute jarraipenaren inguruan

Erredakzioa

2012/02/09

Eusko Jaurlaritzaren arabera, lanuzteak % 25eko jarraipena izan du sektore publikoan. Sindikatuak, ordea, pozik agertu dira eta arrakastatsutzat jo dute.

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek lau orduko lanuztea deitu dute EAEko sektore publikoan gaur. Sindikatuen hitzetan, sektore publikoko langile gehienek egin dute lanuztea. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ordea, jarraipena "txikia" izan da.

Guztira 100.000 funtzionario zeuden deituta greba egitera. Zehazki, udaletako, foru aldundietako, erakunde autonomikoetako, Estatuko Administrazio Orokorretako eta Correoseko langileak. Lanuzteak ordutegi ezberdinetan egin dira.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, zerbitzu publikoak normaltasunez aritu dira, eta lanuzteak % 25eko jarraipena izan du.

Jaurlaritzaren arabera, lanuzteak % 35eko jarraipena izan du Hezkuntzan; % 10, Justizian; eta ez da heldu % 5era Osakidetzan.

Portzentaia horiek ez datoz bat sindikatuek aitortutako "jarraipen handiarekin". Protestak ESK sindikatuaren eta Bildu eta Aralar alderdien laguntza izan du.

Sindikatuen arabera, EAEko Administrazioan eta Justizian lanuztearen jarraipena % 65eko izan da.

Hezkuntzan jarraipena handiagoa izan dela esan dute sindikatuek: % 70 unibertsitatetik kanpoko hezkuntzan, haurreskoletan eta ikastoletan. Unibertsitatean, aldiz, jarraipen "garrantzitsua" izan da, sindikatuen datuen arabera.

Osakidetzan aurrekoetan baino jarraipen handiagoa izan dela esan dute, baina ezarritako gutxieneko zerbitzuak eragina izan dutela azpimarratu dute.

Sindikatuentzat, lanuztea adierazgarria izan da udaletan eta foru aldundietan (% 65ekoa). Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, ordea, jarraipena % 18,5ekoa izan da.

Udalei dagokienez, jarraipen oso handia izan dute hiriburuetan: Gasteiz (% 65), Donostia (% 75) eta Bilbo (% 80).

Bestalde, lanuzteak erabateko eragina izan du ondoko udaletan: Tolosa, Zumarraga, Usurbil, Ordizia, Hernani, Andoain, Bergara, Mutriku, Deba, Zarautz, Zumaia, Durango, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Sopelana, Plentzia, Muskiz, Agurain, Dulantzi, Asparrena eta Murgia. Basauri, Galdakao, Leioa, Erandio, Eibar, Ortuella edo Hondarribia bezalako udaletan jarraipena % 70koa izan da.

Halaber, Metro Bilbaoko, EuskoTreneko, EuskoTraneko edo EITBko langileen "gehiengoek" lanuztea egin dute. Hala ere, EuskoTren eta EuskoTran garraio sektorean ohiko lanegun batean eskaini ohi duten zerbitzuaren % 51 eskaini dutela jakitera eman du enpresak.

Renfen lanuztea 11:00 eta 19:00 artean egin dute, baina gutxiengo zerbitzuak bete dira arazorik gabe, enpresak jakinarazi duenez.

Manifestazioak

Eguerdian zerbitzu publikoetako 22.000 langilea atera dira kalera hiru hiriburuetan, sektore publikoaren defentsaren alde eta murrizketen aurka, sindikatuen datuen arabera.

Bilboko manifestazioan Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) izan dira. Donostiakoan Juan Carlos Izagirre Dosnostiako alkatea (Bildu) eta Martin Garitano Aldundiko (Bildu) diputatua izan dira.

Aralarrek ez du ekimenik aurkeztu gaur Eusko Legebiltzarreko saioan protesta moduan.

100.000 funtzionario, grebara deituta

Joan den urtarrilean Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen soldatetan iragarritako murrizketen aurkako protestak izango dira. EAEko Administrazioko 67.000 funtzionariori eragingo dien lan-baldintzen murrizketa onartu zituzten, eta, neurri horrekin, Jaurlaritzak 95 milioi euro aurreztu nahi ditu 2012an.

Hori horrela, Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu 2012an borondatezko erretiroagatik ematen ziren sariak, errelebo kontratuei buruzko konpromisoak, jardunaldia murriztuta soldata murrizketarik ez izateko aukera eta 65 urte betetzen dituzten funtzionarioei lanaldia luzatzeko aukera.

Publizitatea
  

Joera

  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 28

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 29

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 30

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 31

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa