Albisteak

Gizartea

Informa nazazu RSS

Gizartea

Epaiketa

Ez zuela Nagore hil nahi esan du haren ustezko hiltzaileak

Erredakzioa

2009/11/04

Hiru orduko iraupena izan du auzipetuaren deklarazioak. Akusatuak adierazi duenez, normalean ez du alkoholik kontsumitzen, baina egun hartan asko edan zuen.

"Ez nuen egin nahi, baina hil nuen", adierazi du gaur Jose Diego Yllanes Nagore Laffageren ustezko hiltzaileak epaiketan. Era berean, biktimaren gainean "lepoa estutzen" egon izana gogoratzen duela esan du Yllanesek, eta gaztea hilda utzi zuela.

Nagore Laffageren hilketa epaitzeko ahozko ikustaldiko bigarren egunak Yllanesen deklarazioa izan du protagonista. Ia hiru orduko iraupena izan du deklarazioak. Burumakur eta jarrera otzanaz, baina hunkitzera heldu gabe, auzipetuak "egia esan" behar zuela azpimarratu du. "Ondorio bat dagoela onartu eta horregatik ordaindu behar dut", esan du.

Yllanes, Nagore Laffage 20 urteko erizaintza ikaslearen ustezko hiltzailea, goizeko 10:00etan deklaratzen hasi da Nafarroako Probintzia Auzitegian, epaiketaren bigarren egunean.

Akusatuak krimenaren aurreko orduen inguruko galderei erantzuten ari da. Adierazi duenez, normalean ez du alkoholik kontsumitzen eta egun horretan asko edan zuen. "0ndo pasatzea" zen bere asmoa.

Akusazioa alkoholak hilketaren egiletzan zerikusirik izan ez zuela frogatzen saiatuko da.

Bederatzi herritarrek, sei emakume eta hiru gizon, osatzen dute akusatua epaituko duen epaimahaia. Diego Yllanes psikiatra da eta fiskalak eta bost akusazioek kartzela zigorrak eskatu dituzte hilketa delitua egotzita.

Nagore Laffage, jatorriz irundarra, 2008ko uztailaren 7an hil egin zuten Iruñeko etxebizitza batean eta hiltzaileak gorpua Oianburura eraman zuen bertan ezkutatzeko.

Fiskalak 20 urteko kartzela zigorra eskatu du, jatorriz Iruñekoa den eta 27 urte dituen, Jose Diego Yllanes Vizcayrentzat. Ministerio publikoaren arabera, neskak akusatuarekin sexu harremanak izateari uko egitea izan zen krimenaren eragingarria.

Atzoko epaiketa egunean, gertatu zena berreraiki duen bideo bat ikusi zuten.

Nagore Laffageren senideek lagunen, erakundeen eta emakumeen kontrako indarkeria salatzen duten kolektiboen babesa jaso zuten atzo ustezko hiltzailearen kontrako epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, Epaitegiaren parean bertan.

Jaurlaritzako ordezkariak ere izan ziren kontzentrazioan, izan ere, herri-akusazio ere badira. Idoia Mendia bozeramaileak adierazi zuenez, "Jaurlaritzaren eta lehendakariaren izenean Nagoreren familiari gertutasuna eta babesa emateko" joan da, baina baita "lehendakariak kargua hartu zuenean indarkeria jasaten duten emakumeen ondoan egoteko hartu zuen konpromisoagatik ere".

Publizitatea
 

Joera

  • Ostirala 10

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Larunbata 11

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 12

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 13

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 14

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 15

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
 

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa