Albisteak

Gizartea

Gizartea

Elur eta hotz denboralea

Elurrak arazo ugari sortu ditu Araban

Erredakzioa

2012/02/08

Elurteak ezustean harrapatu ditu agintariak. Izan ere, gatza bota gabe zegoela hasi du zuritzen. Agintariek ibilgailua ez hartzea gomendatu dute.

  • Gasteiz, gaur goizean.

    Gasteiz, gaur goizean. Argazkia: EITB

Termometroek - 8ºC arteko tenperaturak erakutsi dituzte gaur Kapilduin (Araba) eta Jaizkibelen (Gipuzkoa), eta elurra egin du erkidego osoan, batik bat Araban.

Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du, baina bihar arriskua gutxitu egingo da. 20:00ak arte egingo du gaur elurra. Ordu horretan, alera hori kolorera jaitsiko da.

Bilbo baino ez dago 0 ºC gainetik. Bizkaiko hiriburua 3 ºC-rekin esnatu da, Donostia -2 ºC-rekin, Gasteiz -3 ºC-rekin, Baiona -4 ºC-rekin eta Iruña -5 ºC-rekin.

Joan den astean hotzaldi siberiarrarekin gertatu bezala, arazo handienak Gasteizen jazo dira. Bertan, elurra ari du 06:00etatik, etengabe, eta kaleak eta errepideak izoztuta daude.

Elurrak ezustean harrapatu ditu agintariak. Izan ere, elurtea espero baino handiagoa izan da, eta gatza bota gabe zegoela hasi du zuritzen Arabako hiriburuan.

Ordu erdian zazpi zirkulazio istripu gertatu dira, eta Txagorritxun hainbat pertsona artatu dituzte, irrist egin eta erori egin baitira.

Udalak larrialdi planeko lehenengo fasea ezarri du, baliabide guztiak martxan jartzeko.

Udal-taldeak lanean ari dira gutxienez eraikin publikoetako sarrerak garbitzeko, elur-geruza zenbait zentimetrotakoa baita. Goizeko lehen orduetan, industriaguneetako sarreretan egin dute lan, baina orain batik bat kaleetan, ospitaletan, osasun-zentroetan eta ikastetxeetan ari dira.

Udalak laguntza eskatu die herritarrei, 550 tona gatz botatzeko. Zeregin horretarako, 26 gatz-zaku jarri dituzte herri osotik.

Arabako Aldundiak ere larrialdi plana abiatu du, errepideak zaintzeko.

Errepideak

Errepide sare nagusia zabalik dago, baina bigarren mailako sarean hainbat mendate guztiz itxita daude: San Miguel Gipuzkoan; Herrera eta Urduña Araban eta Dima, Bizkaiko Balkoia eta Gautzegarigane Bizkaian.

Gipuzkoan, errepideen egoera "guztiz normala" da, Larraitz Ugarte Bide Azpiegiturako foro diputatuak jakinarazi duenez.

Bere esanetan, arazo batzuk izan dira Elgetan, Arlabanen eta Gatzagan, baina besterik ez.

Halaber, AP-8 autobidean, Zarautzeko ordainlekuan, argindarrik gabe izan dira, baina "ordu erdian" konpondu dute.

Ugartek esan du denboralea Araba eta Durangaldea (Bizkaia) astintzen ari dela batez ere.

Zirkulazioari buruzko informazioa, 011 (EAEn) eta 900 400 100 (Nafarroan) telefono zenbakien bitartez.

Gaurko aurrez ikusitako tenperaturak

- Bilbo Min.0º / Max.4º

- Donostia Min.-4º / Max.1º

- Gasteiz Min.-6º / Max.-1º

- Iruña Min.-7º / Max.-2º

- Arrasate Min.-4º / Max.0º

- Laguardia Min.-5º / Max.2º

Ostegunean, hobera

Tenperaturek hobera egingo dute ostegunean. Elur-kota goizaldean eta goizean goiz 0-100 metrotan egongo da, baina eguna aurrera joan ahala igotzen joango da, eta arratsaldean eta gauean 400-500 metrotan kokatuko da. Alerta hori ezarri dute ostegunerako.


Publizitatea
  

Joera

  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 28

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 29

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 30

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 31

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa