Albisteak

Albisteak

Mundu osoan

Toyotak 400.000 auto aztertuko ditu galgetako akats batengatik

Erredakzioa

2010/02/09

Prius modeloaren azken belaunaldikoak dira ia denak, konpainiako presidenteak iragarri duenez. Espainiako Estatuan 2.300dik gora auto deitu dituzte berrikustera.

Toyotak merkaturatutako 400.000 auto berrikusiko ditu mundu osoan, Prius modelo hibridoaren azken belaunaldia tarteko, Akio Toyoda Toyota Motor konpainia japoniarraren presidenteak gaur iragarri duenez.

Tokion emandako prentsaurrekoan, Toyotak azaldu du planaren xehetasunak gaurko azken orduan emango dituztela eta AEBei eragingo diela batez ere. Era berean, enpresa japoniarraren bezeroen "konfiantza berreskuratzeko" konpromisoa hartu dute.

Horren aurretik, Toyota Motorrek Garraio Ministerioari jakinarazi dio Japonian 223.068 auto hibrido berraztertuko dituela, Prius modeloaren hirugarren belaunaldikoak gehienak, galga sistemaren softwarean akatsen bat dagoelako.

2.300 auto Espainiako Estatuan

Toyota Españatik ere Prius modeloaren hirugarren belaunaldiko autoaren galgak ikuskatzeko deia egin du.

Konpainiak azaldu duenez, 2009ko ekainetik (modelo hibridoaren hirugarren belaunaldia saltzen hasi zirenetik) 2.300 Prius matrikulatu dituzte Espainiako Estatuan, eta horien jabeek azterketa egiteko dei bat jasoko dute.

Enpresa japoniarren arabera, "errepide labainkor edo zimurtsuetan galgari etengabe eta bigun eragitean atzeman da akatsa. Dena dela, gidariak galga tinko zapaltzen badu, ibilgailuaren kontrola berehalakoa eta erabatekoa da".

"ABSa kontrolatzen duen sistemaren softwareari eragiten dio berrazterketak eta ez du akats mekanikorik sortzen. Galga hidraulikoak martxan jartzearekin du harremana. ABSa pizten denean, galgaren erantzuna atzeratu egiten da presio hidraulikoaren olioa pilatzen den arte", gaineratu du Toyota Españak webgunean.

Informazio gehiago eskuratu nahi duenarentzat, Toyotako Bezeroen Arretarako Zerbitzuaren telefono zenbakia zabaldu dute: 902 337 000.

8 milioi ibilgailu berraztertuko ditu

Toyotak iragarri duenez, akatsak eragiten dien modeloak, Priusaz gain, Sai, Lexus JS250h eta Prius "Plug-in" (entxufe elektrikoa duena) dira, denak modelo hibridoak, gasolina eta elektrizitate motor bana batzen dituztenak, eta galga sistema antzekoa dutenak.

Neurri gehigarri gisa, Toyotak Sai, Lexus HS250h eta Prius "plug-in" (motor elektrikoarekin soilik funtzionatzen du ia beti eta etxebizitza arrunt batean karga daiteke bateria) modeloak saltzeari utziko dio.

Priusen hirugarren belaunaldiko autoen salmenta ez da bertan behera geratuko, izan ere, galgen softwarea zuzendu diete urtarriletik aurrera merkaturatu dituzten auto guztietan.

Bigarren aldia da Toyoda presidenteak agerraldia egin behar izan duena antzerako arrazoiengatik, zeren dagoeneko 8 milioi autotik gora deitu dituzte berraztertzera mundu osoan azeleragailuko akatsengatik.

Prius, eredu

Prius modeloa Toyotaren apustu nagusi bilakatu da azkenaldian teknologia berdea sustatzeko eta salmentetan arrakasta handia izan du.

Iazko maiatzean hirugarren belaunaldia saltzen hasi zirenetik, 300.000 Prius autotik gora saldu dituzte 60 herrialdetan.

Publizitatea
  

Joera

  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 28

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 29

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 30

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 31

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa