Albisteak

Informa nazazu RSS

Albisteak

Felix Linaresekin elkarrizketa

"Javier Bardemekin poteatzera joango nintzateke, parrandazalea da eta"

Bea Sever

2011/09/15

La Noche de... saioak 15 urte bete dituenean, Felix Linares saioaren aurkezlearekin hitz egin dugu. Torrente gorroto duela eta Zinemaldiko zuzendaria ez duela izan nahi kontatu digu, besteak beste.

  • Irratian eta telebistan aritzen da Felix.

    Irratian eta telebistan aritzen da Felix.

Iruzkinak

Gogoratzen duzu ikusi zenuen lehendabiziko filma?

Ez, baina nire amaren esanetan Errol Flynn protagonista zuen western bat izan zen. Halako iskanbila sortu nuen, atera behar izan nindutela. Hori dela eta, "ume honi ez zaio zinema gustatuko" esan zuen berak. Gogoratzen dudan lehendabiziko filma 20.000 legoa itsas azpian da. Bi ordu baino gehiago liluratuta eman nituen.

Beste filmen batek sortu dizu horrelako zirrara?

Bai, niri film askok egiten didate zirrara. Bergmanek hunkitu egin ninduen ikusi nuen lehendabiziko aldian. Hitchcockek ere asko hunkitu ninduen, zinea egiten halako jakinduria zuen... Gogoratzen dut Hitchcocken film bi ikusi nituela aste berean eta zur eta lur geratu nintzen bietan. Zuzendariaren garrantzia bertan ikasi nuen.

Zelan darama zure emazteak zinemarekin duzun obsesioa?

Duela hogeita hamar urte baino gehiago jasaten duela kontuan izanda, etsita dagoela suposatzen dut. Hori bai, mugak jarri ditu eta dagoeneko ez ditu nik ikusten ditudan film guztiak ikusten, astean lau inguru ikusten baititut.

Zein aktorerekin joango zinateke poteak hartzera?

Aspaldikoekin joango nintzateke. Adibidez, Robert Mitchum beti iruditu zait xelebre hutsa eta, Zinemaldira etorri zenean, baieztatzeko aukera izan nuen. Prentsaurreko oso barregarria eman zuen, guztiz ironikoa. Aktore lana sakratutzat jo behar ez dela uste duen gizaseme horietako bat da. Horretan, Javier Bardemen modukoa da. Horiek ondo dakite aktore lanari dagokion garrantzia ematen eta, bestalde, ematen dizkieten paper orotan aktore bikainak dira. Denetarik egiten dute eta dena ondo. Javierrekin ere joango nintzateke, parrandazale handia baita, Donostian erakutsi duen moduan. Agian, orain ez. Eta erabat desfasatu nahiko banu, Rat Packeko horiekin joango nintzateke, Frank Sinatra eta enparauekin: Dean Martin, Sammy Davis, Peter Lawford, Angie Dickinson, Shirley MacLaine... Horiek bai ez zutela atsedenik hartzen, eta badirudi ez zaiela gaizki joan, izan ere, gizonezko guztiak oso nagusi hil ziren eta emakumezkoak bizirik daude.

Kameoa egingo zenuke Torrenten?

Zaila da, izan ere, nik aktoreen lana errespetatzen dut eta lotsa handia emango lidake. Gainera, egia esan, nik Torrente gorroto dut; arte bat hutsalkeria bihurtzea eta hondatzea dela iruditzen zait. Santiago mutil jatorra da, oso barregarria eta, aitortu egingo dut, nik barre asko egiten dut berarekin, hari elkarrizketa bat egitea zoragarria da, baina Torrente zabor hutsa da. Gainera, burlasko grazia lelo hori du, kaka, ipurdi, txiza motako grazia hori. Nahiago dut txisteak argumentua izatea, txisteak zentzua izatea. Ahal izanez gero, ez dut Torrente 4 ikusiko.

Zure ahotsagatik ezagutu zaituzte inoiz?

Bai, behin txeke bat kobratzera joan nintzenean. Bankukoa behera begira zegoela, txekea eman eta hauxe esan nion: "Karneta erakutsiko dizut?". Eta haren erantzuna: "Ahots horrekin, ez".

Zure jakinduria kontuan hartuta, Zinemaldia zuzentzen ikusten duzu zeure burua?

Ez, hori nahasmendu ikaragarria da. Ni ez nago administrazio kontuetarako egina eta Zinemaldiko zuzendaria izatea administrazio lana egitea da. Dirua jartzen duen jendearekin borrokatu behar duzu, dirua jasotzen duen jendearekin borrokatu behar duzu, film bat oso txarra den bakoitzean atsekabetu egiten zara... eta ez du zinemarekin zerikusirik. Jendeak gehien atsegin duena (Goya sariak, Oskarrak) ez dauka zinemarekin zerikusirik, gizartea da, jaia, parranda; oso ondo dago, baina ez da zinea.

Zinemagintza, industria legez, ez zaizu interesatzen?

Nik badakit zinema industria bat dela eta horrela jokatu behar duela. Dirua irabazteko dago, argitaletxeak eta musika industria bezala. Niri interesatzen zaizkit industriak jartzen dizkien traben gainetik kultura egiteko gai direnak. Baina kontua da azkenaldian film ekoizpen gehienak zinemari buruz ezer ez dakien jendeak erabakitzen dituela, eta diruari begira baino ez daude. Honen edo haren bertuteak kobratzen duenaren arabera neurtzen dituzte eta, batez ere, bere azken filmak eman duen diruaren arabera. Esaera baten arabera, Hollywooden zure azken lanak balio duena balio duzu. Lege bihozgabea da hori. Baldintza horiek izanda lan ona egitea bere buruarekin sufritzen dagoen artista bakartia izatea baino gogorragoa da.

Zer iruditzen zaizu 3Dko zinema?

Uneko asmakizuna da, baina industriaren salbatzaile bezala iragarri izan dute eta batzuek sinetsi egin dute. 3D 50eko hamarkadan jaio zen telebistari aurre egiteko, zinea gailentzen baitzuen. Hitchcockek berak ere film bat egin zuen 3Dn, Hilketa biribila, eta beste zinemagile handi batzuek ere egin zituzten, baina ez zuen emaitza onik eman. Avatar gauza bera da hiru dimentsiotan zein bitan. Garapen tekniko ikaragarria da, ideia guztiz pobreekin eta beste batzuek egindako gauzen kopia lotsagabearekin. 3D horrekin jendea zoratu duela? Bai, baina jendeak, seguruenik, ez du Cameron jaunak kopiatu duenaren jatorria ezagutzen eta, azken finean, hori da orain gertatzen ari dena; ikuslearen oroimena oso hauskorra dela eta berriz berotutako janaria jartzen diotenean, gozo-gozo dagoela iruditzen zaiela.

Iruzkinak

Publizitatea

Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2013 - Lege Oharra

EiTB TALDEA - Kontaktua - Web mapa

#-ent_adh_conf_online-#