Albisteak

Jendea

Jendea

Elkarrizketa, eitb.com-en

Miren Amuriza: 'Parrandan, beti dago bertsoa eskatzen didan baten bat'

Bea Sever

2011/09/15

Larunbatean Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean izango da Miren Amuriza. Iaz Txapelketa Nagusian ezagunagoa egin zen, eta ordutik bere bizitza nahikoa aldatu da. Berak azaldu digu zertan.

  • Miren Amuriza.

    Miren Amuriza.

Larunbaterako prest?
Prest edo, prestatzen...

Orain arte, disfrutatu edo sufritu egin duzu?
Denetarik pixka bat. Egia da kanporaketa bietan nahiko urduri hasi nintzela. Aurreko urtean nahiko suertea izan nuen eta aurten ere behar hori sentitzen duzu, gutxienez lehengo maila emateko edo pixka bat hobeto. Baina nik uste dut saio guztietan berdina gertatzen dela, hasi aurretik nahiko urduri egoten garela, baina aurrera egin ahala lasaitu egiten gara.

Prentsan topatu dudan zure lehendabiziko elkarrizketa iazko azarokoa da, Txapelketa Nagusian egindako ibilbide bikainaren harira. Asko aldatu al da zure bizitza iaz "ezaguna" egin zinenetik?
Euskal Herriko Txapelketa baino lehenago bertsotan ibiltzen nintzen, baina astean behin edo bi astetik behin kantatzen nuen, eta normalean nire herri inguruan, edo Bizkaian behintzat. Txapelketaren ondoren, asteburu bakoitzean bi-hiru lekutara joaten hasi nintzen, etxetik nahiko urrun, jende asko ezagutu dut... Beharbada ez daukazu lehen beste denbora zure inguruko lagunekin, koadrilarekin, egoteko. Alde horretatik nire bizitza aldatu egin da, asteburuetako martxa, batez ere, baina ikasten ari naiz.

Bilbo batean, adibidez, jendeak ezagutzen zaitu kaletik?
Beti egoten da baten bat, eta horrek harritu egiten nau. Bilboko Gran Vian agian ez naute ezagutuko, baina Alde Zaharrean igual bai. Gero, beti daude Durangoko Azoka eta horrelakoak, eta horrelako lekuetan asko igartzen dut. Herri txiki eta euskaldunetan gehiago jarraitzen gaituzte.

Non bizi zara orain?
Euskal Filologiaren hirugarren urtea ikasten nabil, eta astean zehar Gasteizen nago; asteburuetan buelta Berrizera.

Maddalen Arzallusen eta Jone Uriaren laguna zara. Bertsolaritzak batu zaituztela imajinatzen dut, baina elkartzen zaretenean bertsotan ibiltzeko da beti?
Ez, beste edozein lagunen moduan, kontuak esateko, juergarako, hitz egiteko, elkartzen gara. Bertsoa elkar ezagutzera eraman gaituena izan da, aitzakia, baina beste gauza asko daude.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Zaletasun nagusia bertsolaritza da. Orain ez daukat denbora askorik beste gauza batzuk egiteko. Idaztea ere gustatzen zait. Saltsa guztietan egotea gustatzen zaien pertsona horietariko bat naiz, ezetz esaten oraindik ez dut ikasi, eta herrian beti egoten da zerbait egiteko. Nahiko langilea naiz zentzu horretan. Eta Berrizko bertso eskolan ari naiz. Ostiralero 8-13 urte bitarteko 14 bat ume batzen gara.

Abestea duzu gogoko, musikan aritzea bururatu zaizu?
Orain arte ez dut gauza handirik egin, letraren bat talderen bati edo baten batekin kolaborazio txikiren bat. Ez naiz inoiz hori pentsatzen jarri, baina esperimentu zalea naiz eta ez dut baztertzen.

Egokitu zaizkizun gurasoekin, halabeharrez bertsolaria. Noiz hasi zinen bertsotan?
12 urterekin hasi nintzen Berrizko bertso eskolan. Egia da, nik txikitatik bizi izan dut bertso giroa etxean, beti ikusi dut aita atzera eta aurrera, bertsolariak oso gertutik ezagutu ditut txiki-txikitatik. Baina egia da gurasoek ez nautela inoiz horretara bultzatu. Hasi nintzenean animatu bai, baina nire borondatez ari nintzen.

Ama gutxiago aipatzen dizute, baina izango zuen bada eraginik zure bertsozaletasunean.
Bai, hain zuzen, Maddalen Arzallusek eta biok egin genien horrelako omenaldi txiki bat bertsolarion amei. Batez ere, Maddalenen kasuan eta nirean ezagunak egin ginelako berak aita eta neba dituelako bertsolariak, eta nik ere aita; baina amak ere hor daude. Ama da beti lo egin ezinik egoten dena kanpoan gaudenean, amak ematen dizkigu aholkurik onenak... Bueno, beste edozeinen amak bezala.

Amurizaren alaba izatetik Miren Amuriza izatera, eta egunen batean, zure aita, Amurizaren aita izango al da?
Bai, gertatu zaio behin edo behin. Nire aita belaunaldi batzuentzako erreferente handia izan da. Ni oraindik ez horrenbeste, beste maila batean nabil oraindik, baina niretzako ohorea da aita izan dena izatea, eta nik uste dut berarentzat ere polita dela alabak jarraitzen duela ikustea. Orain seguruenik egongo dira bertso mundua hurbiletik ezagutzen ez duten gaztetxoak, kasualitatez YouTuben ikusi nautelako edo, ezagutuko nautenak, eta aita ez. Bizi ziklo naturala da.

Zelan entrenatzen zara? Aitaren laguntza duzu?
Aitak oso aholku onak ematen dizkit, baina entrenatu, batez ere, aitak berak esan izan dit beti garrantzitsuena bakarkako lana dela. Paperaren aurrean jarri, errimak hartu eta landu, norberak idatzi. Gero beti laguntzen du bertso eskolan kantatzeak edo plazan egiten duzunak. Errodajea hor egiten da, jende aurrean.

Zerk erakartzen zaitu bertsolaritzatik?
Denak. Niri bertsolaritzak eman dit nire adineko jende askok eduki ez dituen aukerak, jende asko ezagutu dut, lagun handiak egin ditut, eta oraindik hasiberria naiz, uste dut gauza asko gelditzen zaizkidala deskubritzeko. Hau beste mundu bat da.

Norbaitek esan zidan kiroletarako Sara Carbonero dena zarela zu bertsolaritzarako.
Ez dakit, hori asko esatea da. Ni nahiko lotsatia naiz horrelako kontuetarako. Hori hobeto eurei galdetzen badiezu niri barik.

Zure mutil laguna bertsozalea al da?
Zalea da, bai. Ez da erraza zure ondoko pertsona hainbeste jendek ezagutzen duela ikustea. Gu asko ibiltzen gara gauean, eta askotan zure intimitaterako denbora gutxiegi geratzen zaizu. Baina beste gauza on asko ere badauzka, leku ezberdinak ezagutzeko aukera izan dezake, adibidez.

Parrandan joaten zarenean, tabernetan bertsoak eskatzen dizkizute?
Normalena da. Ia beti ez, beti dago baten bat. Jendea etortzen zaizu kristoren gogoarekin: "Bota bertsoa". Berak ikusten zaituen lehendabiziko aldia da, baina zuretzako gau horretako zortzigarrena da, eta ezetz esaten badiozu, gainera, entzun egin behar duzu: "Sosa". Lanaren parte bat da hori.

Zelan ikusten duzu zeure burua 10 urte barru?
Ez dakit, auskalo. Bertsotan orain nabilen bezain gustura baldin banabil, espero dut honetan jarraitzea. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta, nik ez daukat zalantzarik, hemendik urtebetera aspertzen baldin banaiz, utzi egingo dut, eta ez banaiz inoiz aspertzen, hobeto.

Eta zelan ikusten duzu zeure burua igandean?
Ni eta beste denak kontziente gara, aurtengo finala oso berria da. Hiru beterano daude eta bost lehenengo aldiz goaz; beraz, jendea inoiz baino lasaiago joango da ez dagoelako zer galdurik, eta zer irabazi, asko. Ez bakarrik txapela, BECen kantatzeko aukera, 4.000 pertsonaren aurrean, handia izango da. Ni kontziente naiz paper ona egiteko aukera batzuk baditudala, eta saiatuko naiz ahal denik eta lasaien joaten, ez sufritzen, eta entzuleari gozarazten.

Publizitatea
  

Joera

  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 28

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 29

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 30

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 31

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa