Albisteak

Politika

Informa nazazu RSS

Politika

'Egunkaria' auzia

Iñaki Uria: "Epai kondenatzailea ezusteko handia litzateke"

Erredakzioa

2009/12/14

Egunkaria-ko kontseilari delegatu ohiak salatu du prozesuak "bultzada politikoa" izan zuela, eta gaur egun oraindik "hondarrak" geratzen direla. Bihar hasten da epaiketa Auzitegi Nazionalean.

Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari delegatu ohiak adierazi du "ezusteko handia" litzatekeela Auzitegi Nazionalak "epai kondenatzailea" ematea bihar aipatu kazetaren aurkako auzi nagusiaren harira hasiko den epaiketan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Uriak nabarmendu du ez zutela inoiz itxi behar Egunkaria, eta auzia ez zela inoiz "ahozko epaiketara" iritsi behar.

Egunkaria-ren aurkako auzi nagusiaren epaiketa bihar hasiko da Auzitegi Nazionalean. Uriarekin batera, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi ere eseriko dira akusatuen aulkian.

Akusazioak (AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak) ETA finantzatzea eta haren mezuen bozgorailu izatea egozten die, baina Fiskaltza ez dago ados eta auzia artxibatzea eskatu zuen bere garaian.

Horren ildotik, Uriak salatu du "bultzada politikoa" izan zela Egunkaria duela zazpi urte itxi zutenean, eta gaur egun oraindik ere bultzada horren "hondarrak" geratzen direla.

Kontseilari delegatu ohiak defendatu egin du Egunkaria zena, eta kazeta "txikia, baina plurala" zela esan du. "Irekia, plurala eta bateratzailea zen. Jakin bagenekien euskal gizartea oso polarizatuta dagoela eta denentzako hedabidea egin behar genuela", gaineratu du.

Uriak eskertu egin ditu jasotako "babes guztiak", "asko" izan baitira, baina hedabide batzuek "beste alde batera begiratu izana" ikustea mingarria izan zela adierazi du. Halaber, duela zazpi urte atxilotu zituztenean torturatu egin zituztela eta salaketa "astebetean" artxibatu zutela esan du.

Egunkariaren aurka zabalik dagoen beste auziari buruz, ekonomikoari buruz hain zuzen, Uriak azaldu du prozesua "motelagoa" dela, "prozedura laburtua bada ere", instrukzioa amaitu gabe dagoelako oraindik. "Lehen auzi hau nola garatzen den ikusi nahi dute lehenengo", ziurtatu du.

Uriaren ustez, epaiketak hilabete bat baino gehiago iraun lezake.

Publizitatea
 

Joera

  • Ostirala 10

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Larunbata 11

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 12

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 13

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 14

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 15

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
 

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa