Albisteak

Politika

Politika

Diputatuen Kongresua

ETA desegitea lortzeko eskatu dio Rajoyk Amaiurri

Erredakzioa

2012/02/22

Lehen aldiz, Gobernuko presidenteak koalizio abertzalearen galdera bati erantzun dio Kongresuan.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ETAn izan lezakeen "eragin guztia" erakunde terrorista berehala eta baldintzarik gabe desegiteko erabiltzea eskatu dio Amaiurri.

Gobernuburuak koalizio abertzalearen galdera bati erantzun dio gaur lehen aldiz, Diputatuen Kongresuan.

"Gobernuak legea betetzen ari dela segurtatuko du, nire beharra herritarrak babestea da. Gobernu honen ustez, konpondu barik dagoen gatazka bakarra ETA ez dela desegin da, eta nire beharra legea erabiltzea da, desegitea bermatu eta ETAko kide guztiek, banaka, Justiziaren aurrean erantzun dezaten", adierazi du.

Aldez aurretik, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak esan du gatazka politikoa "ETA baino lehenagotik" existitzen zela eta "oraindik ere" irauten duela. Horrenbestez, "benetako bakea eta normalizazioa [gatazkaren] kausei eta ondorioei helduz" lortuko dela esan du.

Amaiurren ustez, gatazkaren kausak "politikoak" dira, eta Euskal Herria "nazio" gisa aitortuz eta herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatuz konponduko dira.

Biktimen batzordea

Bozeramaile abertzaleak "giza eskubideak eta eskubide sozialak" errespetatzeko, Sortu legeztatzeko, presoak hurbiltzeko eta askatzeko, "desarmean ekiteko" eta Euskal Herritik Segurtasun Indarrak ateratzeko eskatu dio Rajoyri.

Bestalde, Errekondok biktimen batzorde bat sortzeko eta horretan "alde guztiak" izateko dei egin du.

Errekondok ezin izan du bere hitzaldia bukatu eztaa "gatazkaren ondorioak" azaldu ere, galdera egiteko denbora agortu egin baitzaio.

Lan erreforma

Saio berean, Gobernuko presidentea Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari ere zuzendu zaio, eta lan erreforma-rekin bat egin ezean, haren alderdia eta sindikatuak "bakarrik" geratuko direla ohartarazi dio.

Rajoyk PSOEko buruaren galdera bati erantzunda egin ditu adierazpenok. Izan ere, Gobernuak erreformaren ondorioak ondo neurtu dituen galdetu dio Rubalcabak.

"Gobernuak erabaki guztien ondorioak aztertu ohi ditu", erantzun du hark.

Rubalcabak Gobernuaren aurka egin du, eta kaleratzea erraztuz, langabezia handitu egingo dela esan du.

Bere aldetik, gobernuburuak gogorarazi dio PSOEren agintaldian langabeziak marka guztiak hautsi zituela, eta sozialistek hiru aldiz aldatu zituela lan merkatuaren arauak.

Publizitatea
  

Joera

  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Astelehena 28

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteartea 29

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 30

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 31

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa