Albisteak

Politika

Politika

Hauteskundeak EAEn

Euskal alderdiek musikaren bitartez berritu dute euren irudia

Sarai Campo

2009/02/11

Euskal alderdi politikoek, batez ere, EAJk, PSEk eta PPk, azken hilabeteotan euren kanpainei ukitu berriagoa emateko lanetan murgildu dira, eta musika da erabili duten tresna garrantzitsuenetakoa.

Euskal alderdi politikoek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote musikari eta musikak euren mitinak aldatzeko duen indarrari.

Mitin handiak aldatzen lehena, EAJ izan zen, izan iazko ekainean, baina hala ere, PP izan da euren irudia modernizatzeko musikaren erabilera handiena egin duena.

EAJk 2008an hauteskundeetan izan zuen atzerakadaren ostean, ‘Think Gaur Euskadi 2020’ proiektua jarri zuen martxan epe ertainerako helburuak zehazteko. Ekimen horrekin hasi zen alderdi jeltzalearen modernizazio-prozesua.

Iazko ekainean izan zen proiektu horretako lehen ekitaldi handia eta bertan, zirku eta musika ikuskizunak egon ziren. Gainera, Ibarretxe eta Urkullu eszenatokitik zehar ibili ziren entzuleen galderak erantzuten, eta ez ohikoa den bezala atriletik hitzaldia egiten.

Gainera, “euskal ohitura” modu “kosmopolita” batean erabili zuten, Ttukunak taldekoek txalaparta Asiako jantziez jo baitzuten eta Bizkaiko abesbatza batek Sheilah Cuffi abeslariarekin batera “Agur Jaunak” gospel bertsioan abestu baitzuen.

Patxi Lopez PSE-EEko hautagaia Rolling Stone aldizkarian bere etxeko sofan saxoa jotzen agertu zen. Orain arte, alderdiak Artista Invitado bikotearen zuzeneko ikuskizuna baino ez du izan. Bikoteak, euskal sozialistentzako kanpainarako abestia sortu du.

Sozialistek Lopezen edo beste politikari baten agerraldi bakoitzerako abesti bat erabiltzen dute. Orain arte, bluesak eta rocka bezalako estilo ezberdinak erabili dituzte, baina batez ere, Bruce Springsteenek Barack Obamarentzako egindako “Working on a dream” da behin eta berriz erabili duten kantua.

Maria San Gilek PPko zuzendaritza utzi zuenetik, Antonio Basagoiti eta Iñaki Oyarzabal alderdiaren irudi “moderno” eta gaztearen bilaketan murgilduta daude.

Alderdiaren “pop politikak” kanpaina hasi zenetik hiru mitin-kontzertu antolatu ditu, EAEko hiriburu bakoitzean kontzertu bana, Pignoise, Guarana eta Pitingoren eskutik.

Gainera, alderdiko agintariak eszenatokian dantzan ikusi ahal izan ditugu, behin baino gehiagotan. Aipatutako taldeen zuzeneko kontzertuez gain, alderdiak U2 eta The Cure-ren musika ere erabili du.

Alderdi txikienek badakite mitinetan ikuskizunak sartzea garrantzi handiko kontua dela, baina dituzten aurrekontu murritzek ezin diete zuzeneko kontzertuei aurre egin.

Bada, Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako burua rock-zale handia den arren eta lehenago talde batean gitarra elektrikoa jo bazuen ere, ez du zuzeneko ikuskizunik egitea aurreikusi.


Ezker Batuak, berriz, duela urte batzuk Kepa Junkera sortu zuen melodiarekin jarraitzen du, eta orain arte, behin baino ez dute zuzeneko ikuskizun bat egin, musika etnikoa egiten zuen talde batena, alegia.

Publizitatea

zuzenean

'Gaur Egun-1', zuzenean

STREAMING-A
'Gaur Egun-1', zuzenean
13:58 2012/05/22

Emisioa ikusi

  • KIROLAK
    TXIRRINDULARITZA: Italiako Itzulia
    14:55 2012/05/22

  • KIROLAK
    TXIRRINDULARITZA: Italiako Itzulia
    13:30 2012/05/23

  • KIROLAK
    2. B: Lugo - Eibar
    18:00 2012/05/27

 

Joera

  • Asteartea 22

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Asteazkena 23

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Osteguna 24

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Ostirala 25

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Larunbata 26

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
  • Igandea 27

    • Eguraldia
    • joera
    • haizea
 
Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa