Gaztea

musika

musika

Forbes zerrenda

Emakume musikariek gehiago irabazten dute gizonezkoek baino

Garazi Urdanpilleta

2009/06/26

Diru gehien irabazi duten kantarien zerrenda atera du Forbes aldizkariak. Lehen postuan dagoen artistak 110 milioi dolar irabazi ditu urte batean.

Forbes aldizkariak munduko pertsona aberatsenak zerrendatan bildu ohi ditu, azken urtean izandako irabazien arabera. Oraingoan, kantarien zerrenda argitaratu du aldizkari estatubatuarrak eta argi eta garbi nabarmendu du emakumeen nagusitasuna. Zerrendaren postu gorenetan emakumeak baino ez dira agertzen.

Madonnak berriz ere berretsi du bera dela erregina bakarra. 2008ko ekainetik hil honetara bitartean, 110 milioi dolar (79 milioi euro inguru) irabazi ditu izar ilehoriak. "Sticky &' || 'amp; Sweet" bira arrakastatsuarekin mundu osoa zeharkatu du kantariak eta kontzertu horiekin eta Hard Candy diskoarekin jasotako diruari, promozio-akordioei eta publizitateari esker pilatu du halako dirutza.

Kantari estatubatuarraren atzetik, Celine Dion kantari kanadarra dago. 110 milioi dolar (71 milioi euro inguru) irabazi ditu Taking Cahces (2007) azken diskoa zuzenean aurkezteko birari esker. Kanadan eta AEBetan sarrera guztiak agortu zituen eta 237 milioi dolarreko etekinak (179 milioi euro inguru) izan ditu. Gainera, diskoaren salmentak oso ongi joan dira eta "Celine Dion" markak ateratako seigarren lurrinak ere irabazi handiak eman ditu.

Madonnaren eta Celine Dionen atzetik Beyoncé Knowles dago. 87 milioi dolar (62 milioi euro inguru) irabazi ditu artistak disko-salmentatik, kontzertuetatik, grabatutako bi filmetatik eta jantzi, bitxi eta osagarrien bildumetatik. Artista da, gainera, azken hilabeteetan gorakada handiena izan duten marken irudia.

Bruce Springsteen da zerrendan agertzen den lehen gizonezkoa. Laugarren postuan dago New Jerseyko musikaria, 70 milioi dolar (50 milioi euro inguru) irabazi baitzituen iaz. Mundu osoa zeharkatzen ari da oraindik ere E Street band bere taldearekin (gogoratu uztailaren 27an Bilbon izango dela) Working On A Dream diskoa zuzenean aurkezteko eta bira horrek, 2008an bakarrik, 166 milioi dolarreko (119 milioi euro inguru) etekinak sortu ditu.

The Boos-en atzetik, Kenny Chesney country kantaria (65 milioi dolar, 46 milioi euro inguru), Rascal Flatts taldea, Coldplay talde britainiarra (Viva La Vida Or Death And All His Friends diskoa izan da historiako diskorik deskargatuena, 354.000 kopia digital saldu baitzituen 2 astetan) eta iaz taula gainera itzuli zen AC/DC talde australiar mitikoa da, guztiak irabazi kopuru berarekin berdinduta: 55 milioi (39 milioi euro).

Forbes aldizkariak atera duen zerrendan agertzen dira, gainera, Eagles taldea (55 milioi dolar, 39 milioi euro), Toby Keith (52 milioi dolar, 37 milioi euro), Bon Jovi (50 milioi dolar, 35 milioi euro) eta Dave Matthews Band (45 milioi dolar, 32 milioi euro). Gogoratu, azken hori Bilbao BBk Liven barruan, uztailaren 10ean Bilbon arituko dela zuzenean.


Publizitatea

Irratia zuzenean

Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa