Gaztea

musika

musika

Elkarrizketa

BTX: "Zale fidelenak etxean dauzkagu eta hori ez zaigu ahazten"

Garazi Urdanpilleta

2009/09/11

Berri Txarrak taldeak astelehenean kaleratuko du Payola disko berria. Nazioartean gero eta indar eta leku handiagoa hartzen ari da Lekunberriko taldea, baina erroak ez ditu sekula ahazten.

-Payola, estudioko seigarren lana iristear dugu. Lehenik eta behin, derrigorrezko galdera: izenburua nondik dator?

Hitza arrunt ezaguna da Estatu Batuetan eta Mexikon, Tom Waitsen biografia batean irakurri eta aproposa iruditu zitzaigun adierazi nahi genuen kontzeptuarentzako. Orokorrean eroskeriari buruzko gogoeta planteiatzen du diskoak. Izenburu deigarria dena onartzen dugu, Payola entzun eta zaleak wikipediara jotzen irudikatzea gustatzen zitzaigun. Ez ahal diegu dena egina emango! :)

-Etapa berri baten hasiera dakar disko horrek. Batetik, taldekide berriarekin (David Gonzalezekin) grabatutako lehen lana delako. Bestetik, diskoetxe aldetik ere, GORekin egindako bidea amaitu eta Roadrunner Records diskoetxearekin kontratua sinatu duzuelako. Zer moduz ekin diozue etapa berriari?

Jaio.Musika.Hil-ek ate asko ireki zizkigun eta gure ibilbidean mugarri moduko bat bihurtu da jada. Baina aldi berean bira luzeegi joan zitzaigun eta azken urtea oso gogorra izan zen talde barruan, ahituta geunden erabat. Horregatik sekulako gogoa daukagu aro garrantzitsu hori gainditu eta beste berri bati ekiteko. Azken urtea ezkutuko lan isilean eman dugu, kantuak idazten, Davidekin taldea musikalki berreraikitzen eta Chicagon grabatzen. Irrikitan gaude kantu berriak jendearekin elkarbanatu eta bira berriari ekiteko.

Diskoetxe aldaketarena berez eman den zerbait da. Zuzeneko batean ikusi gintuzten eta itsu-itsuan etorri zitzaizkigun. GOR-ek logistikoki ez dauka baliabiderik atzerrian gure jarduna bultzatzeko eta alde horretatik Roadrunnerrek sare zabala du munduan zehar. GOR-ekin egindako disko sorta hortxe geratuko da betirako eta oso harro eta kontent gaude elkarrekin egindako bidearekin.

-Diskoaren grabazioa Chicagon egin duzue eta ez duzue, gainera, nolanahiko laguntza izan horretan. Steve Albini handiarekin grabatu duzue! Nondik etorri zen harekin grabatzeko aukera? Eta nola joan zen grabazioa?

Kantuak atera ahala Steve Albiniren izena etorri zitzaigun gogora, soinu garbi eta aseptikotik ihes egingo zuen soinukera bat eskatzen zutelako eta horretan ez dagoelako bera baino hoberik. Esan eta egin, email bat idatzi eta baiezkoa iritsi zitzaigun. Grabaketa ez-ohikoa izan da, artifiziorik gabeko soinuaren muinera joan gara: analogikoan grabatu dugu, 16 pista soilik erabiliz, denok batera gela batean zuzenean jotzen eta astebetean grabatu eta nahastuta geneukan dena. Hiruko bat gara rock musika jotzen eta horixe bera aurkituko du entzuleak lan berrian; hain gutxi, hainbeste.

-"Dortoken mendean" abestia ezagutu genuen lehenik eta, ondoren, "Maravillas" abestiarekin liluratuta gelditu ginen. Memoria historikoa astintzeko asmotan berreskuratu duzue Larragan (Nafarroa) izandako gertakari lazgarri hura?

Maravillas Lambertori gertaturikoa hartu dugu abiapuntu, bai, baina zentzu orokorrean gobernuek urteetan eta urteetan ahanzturara kondenatutakoak gogoratu nahi izan ditugu. Gotzon Barandiaranek eman zigun letraren ideia eta uste dugu nahiko duin eta hunkigarri geratu dela. Maravillasek berak entzuterik balu...

-Gainontzeko kantuetan, zer-nolako gaiak landu dituzue?

Letrei dagokionez disko gordina dela esan daiteke, soinuarekin pareka daitekeena nolabait. Gainbehera orokor batek ukituak datoz kantuak, frustrazio kolektibo bat, autokritika eta galdera ugari.

-Doinuei dagokienez, betiko estiloan al dator Berri Txarrak?

Entzuleak beherala igarriko du BTX-en disko baten aurrean dagoela, gure "marka" moduko horrek hortxe jarraitzen duelako, baina badira nobedadeak eta orain arte sekula egin ez genituen estilo batzuk. Esaterako 70. hamarkadako hard rocka oinarri duten kantuak, riff astunetatik tiraka irten direnak eta zenbaitetan Black Sabbath bezalakoak gogora ekar ditzaketenak: "Jainko Ateoa", "Dortoken Mendean"... Kantu luzeak tartekatu ditugu beste abesti punk-ekin batera.

-Agertoki gainera itzuli zarete jada. Euskal Herrian, urte amaiera bitartean 5 kontzertu dituzue hitzartuta (Eskoriatza, Basauri, Iruñea, Gasteiz eta Durangon) eta, tartean, urrian, bira labur bat egingo duzue Frantzian Burning Heads punk talde frantziar ezagunarekin batera. Frantzia "konkistatzeko" gogotsu al zaudete?

Gogo itzela daukagu Frantses Estatuan jotzeko, are gehiago BH bezalako talde batekin, besteak beste horrek jende dezenteren aurrean joko dugula esan nahi duelako. Horrela "hastea" errezagoa da dudarik gabe. Gure Frantziako promotorak oso lan polita egin du azken urtean eta disko berri honekin nazioartean irekitako ildoa sakondu nahiko genuke.

-Urte berria estreinatu ahala, Euskal Herriko agertoki gehiagotara ere helduko zarete, ezta?

Noski, ez zarete gutaz horren errez libratuko :) Gure zale fidelenak etxean bertan dauzkagu eta hori ez zaigu ahazten. Abendura artekoak Payola biraren hasierako sorta besterik ez dira. 2010a oso urte bizia izango da Berri Txarrakentzako zuzenekoei dagokionez.

-Mila esker eta zorte on lan berriarekin!

Eskerrik asko zuei.

Publizitatea

Irratia zuzenean

Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa