Gaztea

musika

musika

Musika palestinarra, ardatz

Fermin Muguruzaren 'Checkpoint rock' zinemetara iritsi da jada

Onintza Aiestaran

2009/10/16

Fermin Muguruza eta Javier Corcuera artistek elkarlanean zuzendu dute herri palestinarraren gaineko dokumentala. Kontsulta ezazu zinema-aretoetako programazioa.

Dokumentala egiteko ideia Cruzando el puente: Los sonidos de Estambul filma ikusita otu zitzaion Fermin Muguruzari. Aipaturiko dokumentalean Fatih Akin zuzendari turkiar-alemaniarrak ikusleei hiri mitiko horretako soinuak eta biztanleen bizimodua gerturatzen zien. Muguruza berak aitortu duenez Akinen proiektuak erabat hunkitu zuen: "Orduan nire lagun, musikari eta zinema produktore Anton Reixari deitu nion. Kitzikapen handiz zerbait egin behar genuela esan nion eta zubia igaroz, kasu honetan, checkpoint direlakoak igaroz, Palestinako soinuak jaso eta munduari erakutsi."

Zergatik ez eraman bidaia musikala Palestinako lurretara? Proiektuko produktore exekutbio diren Elena Couto, Begoña Atin eta Sabin Uriarteren hitzetan, helburua sinplea eta konplexua zen aldi berean: "Israelen, Zisjordanian eta Gazan bizi diren abeslari palestinar nagusienak bildu, euren musika miresgarriak entzun, modu berri batean euren herriak eta hiriak igaro eta palestinarren zein Palestinako musikarien bizimodua eta euren eguneroko zailtasunak konpartitu. Eta behin material hori bilduta musika horiek munduari erakutsi, guretzako arrotza den herri palestinarraren beste aurpegi hori."

Laburpena
Mundu osoak bere begirada bertan jarrita du, baina ezer gutxi dakigu Palestinako herriaz. Zein da toki mitiko horri ahotsa eta doinua jartzen dion musika? Zeintzuk dira musikaririk adierazgarrienak eta nola bizi dira? Zer pentsatzen dute bizitzea egokitu zaien patu bakarraz eta nola egiten diote patu horri aurre euren letra eta doinuen bitartez?

Publizitate iragarkiak, Tel Aviveko neonak, pobrezia, Zisjordaniako lurralde okupatuen etsipena, kontzentrazio eremu bihurtu den Gazako franja aztertzen ditu dokumentalak. Checkpoint Rock dokumentalean checkpoint batetik bestera eta herriz herri, Palestina zeharkatuko dute protagonistek eta herri horrekiko dugun ikuspegia aldatuko da eta gu geu ere aldatuko gara.

Javier Corcuera zuzendariarentzat "bizitzaren aldeko eta heriotzaren kontrako pelikula bat da. Musikari palestinarrek esperantzaz betetzen gaituzte." Corcueraren hitzetan pribiliegio bat izan da "euren begiradaren bitartez Palestinako herriaren sentimenduak ezagutu ahal izatea. Euren abestiek bizitza osoan lagunduko naute Palestinako herriaren borroka bidezkoak bezala. Eta Mahmud Darwishek dioen bezala: Ez dago biharrerako denborarik."

Irratia zuzenean

Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa