Gaztea

musika

musika

Bideoklip mitikoak

'Denboraren makina': Cornershopen ''Brimful of Asha'' abestia

E. A.

2012/01/31

1997ra bidaiatuko dugu talde ingeles-indiarraren kantu ederrarekin.

Aste honetako “Denboraren makina” Cornershop taldearen “Brimful of Asha” abestiarekin jarriko dugu martxan eta 1990eko hamarkadaren erdialdera egingo dugu salto.

Pop abesti biribila da “Brimful of Asha”. 1997an argitaratu zuten When I Was Born for the 7th Time diskoaren barruan zegoen eta Asha Bhosle playback abeslari indiarrari eta orokorrean Indiako musika industriari omenaldia egiten diote kantu horretan. Tjinder Singh Cornershopeko liderraren beste eragin batzuk ere nabari daitezke abestian, Trojan diskoetxearen lanak eta biniloaren kultura, esaterako. Izan ere, bideoklipean neskatila bat binilozko diskoz betetako gela batean jolasten ari da.

Fatboy Slimek egindako kantu horren moldaketari esker egin ziren ospetsu ingelesak mundu mailan. Disko jartzaileak doan egin zien nahasketa, izugarri gustatzen baitzitzaion “Brimful of Asha”.

Cornershop 1991an sortu zuten Tjinder Singh eta Avtar Singh anaiek David Chambersekin eta Ben Ayresekin batera. Guztiak Ingalaterran jaioak izan arren, bi anaiek Indiako arbasoak dituzte eta abestiei ukitu berezia ematen dioten doinuak eta Asiako instrumentu tradizionalak sartzen dituzte. Taldearen izena bera ere, Cornershop (“kale-kantoiko denda” ingelesez), indiar jatorriko pertsonen estereotipo batean oinarrituta dago, izan ere, kale-kantoietan kokatutako dendak dituzte jatorri horretako askok.

1994an atera zuten lehen albuma, Hold On It Hurts. Gizarte kritika garratza pop eta britainiar post-punkarekin nahasi zituzten bertan, Indiako doinuak ahaztu gabe. Luaka Bop diskoetxearekin sinatu zuten lan horri esker, eta AEBetan eta Europa osoan zehar bira egin.

Publizitatea

Irratia zuzenean

Publizitatea
Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa