Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratian kirola

Markina eta Errezil zein baino zein, Trindoor Txapelketan

Erredakzioa

2009/10/16

Larunbatean arratsaldeko 4etatik aurrera erronka berri bat "Hiru Erregeen Mahaiako" Triatloia Indorrean. Errezil eta Markina taldeak arituko dira zuzenean Euskadi Irratian, ez ezazu galdu!

Asteburu honetan Markina eta Errezil arituko dira lehian. Ikuskizuna eta aparteko giroa ziurtatuta daude, hara hemen taldeak:

MARKINA: Txabi (Alarabi Triatloi Taldea), Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Joseba Plaza (Alarabi Triatloi Taldea).
ERREZIL: Aimar Irigoien (Harrijasotzailea), Andoni Ibarbia (Azkoitia Triatloi Taldea), Xabier Orbegozo ''Arria V'' (Aizkolaria).

Zuk ere parte hartu nahi al duzu? Zeuen herria ere Trindoorrean sartu nahi baduzue mahaia@eitb.com helbidera idatziz jar zaitezte gurekin harremanetan.

Bigarren Trindoorraren kanporaketan zer gertatu zen? Tolosa nagusitu zitzaion Ibarrari!

Tolosak irabazi zuen Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" saioko Trindoor Txapelketako bigarren kanporaketa. Tolosa eta Ibarra herri gipuzkoarrak izan ziren nor baino nor larunbatean, EiTBren Miramongo egoitzan jokatutako kanporaketan.

Maila paregabea erakutsi zuten biek, baina azkenean Tolosako hirukoak denbora hobea egin eta herri arteko txapelketa honetako finalerdietarako sailktzea lortu zuen; Ondarroarekin jokatuko dute Lauko Finalerako txartela, azaroaren 26an.

Lehia polita izan zen. Tolosarrek txanden zozketan hartu zuten abantaila; izan ere, ibartarrei egokitu zitzaien saioa hastea. Halere, arraun-ergometroan Haritz Izagirrek inor gutxik espero zuen marka egin zuen (03''06"), eta tolosarrak larritzen hasi ziren.

Bizikletan ere maila bikainarekin jarraitu zuten Ibarrakoek. Bidelan-Kirolgi taldearekin euskal afizionaturik onenetakoa izandako Xabier Iriartek potentzia oso ondo erabili eta marka paregabea ezarri zuen: 06''29". Azkenik, hirugarren sektorean ere oso lan txukuna (06''57") egin zuen Edu Gonzalez Tolosaldeko Triatloi Taldeko kideak. Guztira 16''33", aurreko asteburuko Ondarroaren marka 5"an hobetuz.

Tolosaren txanda

Ibarrak emandako erakustaldia ikusita, tolosarrak serio, oso serio eta kontzentratuta zeuden saioa hasi aurretik. Bazekiten arrauneko sektorea ahulena izango zutela, baina duela bi denboraldi Hondarribia B-n aritu zen Igor Oterok primerako marka egin zuen: 03''34". Bizikletan hasterako, 29"ko atzerapena zuten Ibarrarekiko, baina Josu Agirre Euskaltel-Euskadiko profesionalak -albiste beltza jaso berritan, datorren denboraldian ez duela jarraituko jakinarazi baitzioten-, sekulako klasea erakutsi eta tartea nabarmen murriztu zuen: bere taldearen desabantaila 6"-ra utzi eta hobetzea zaila izango den marka (06''07") ezarri zuen.

Azkenean, Egoitz Zalakain At.San Sebastianeko triatleta izan zen aldeari buelta eman ziona korrikako saioan. "Errota Man"ek, Trindoor-aren lehen boladako bizikletako marka-egileak, denbora erreferentziak aintzat hartu eta korrika saio burutsua osatu zuen (6''36"), erabat hustu gabe. Orotara, beraz, Tolosak 16''19", Ibarrak baino 14" azkarrago.

Bi taldeen, bi herrien, arteko giroa polita izan zen oso, kirol legezkoa, nahiz eta bien arteko pikea ere bor-bor izan tarteka.

Lehen finalerdia, beraz, badaukagu: Tolosa eta Ondarroa azaroaren 26an arituko dira nor baino nor.


Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa