Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Urrezko Domina, Mikel Laboarentzat

Erredakzioa

2008/12/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur emango dio Mikel Laboari hilondoko Urrezko Domina. Abeslariaren familiak jasoko du kondekorazioa, Ibarretxe lehendakariaren eskutik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur emango dio Urrezko Domina Mikel Laboa zenari, 19:00etan Donostiako Gipuzkoa enparantzako egoitzan izango den ekitaldian.

Ekitaldia Mikel Laboaren hitz eta irudiak bilduko dituen bideo batekin hasiko da. Ondoren, Bernardo Atxaga idazleak, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariek parte hartuko dute, hainbat irakurketa eta abesti interpretatuz. Jarraian, Lehendakariak eta Diputatu Nagusiak Urrezko Domina emango diote Laboaren alabei eta Mari Sol Bastida alargunak hitz batzuk egingo ditu bertara bilduko direnen aurrean.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, domina honek aitorpen eta omenaldi bat izan nahi du, "euskal kulturaren ikur eta sinbolo nagusietako bat izan den sortzaileari, euskal kulturaren biziraupenaren eta bilakaeraren lekuko izan den pertsona bati".

Gipuzkoak bere seme-alabei ematen dien aitorpen honen bitartez, omen egin nahi dio, lehenik, pertsonari eta sortzaileari, eta, horren bitartez, artista eta intelektualen mugimendu zabal bati, dagoeneko euskal ondare eta nortasunaren parte diren emaitzak eskaini baitzituzten, euskaraz eta euskal kulturaren barrutik sortuak.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa