Kirolak

Futbola

Futbola

Adierazpenak

Elustondo (Reala): "Cartagenak ezustekorik gutxi du"

Ander Altuna

2009/11/18

"Jarraikortasuna behar dut", dio beasaindarrak Albaceteren kontra berragertu ostean. Zurutuzak eta Sergiok ez dute entrenatu arazo fisikoak dituztelako.

Albaceteren kontra berragertu zen Gorka Elustondo. Bost partida zeramatzen taldetik at zuntz haustura baten ondorioz. Lesioak dira beasaindarraren etsaiak azken bolada luzean. Orain arte izan ez duen jarraipena nahi du. "Ongi ari naiz entrenatzen, fisikoki indartsu nago eta erritmoa hartzeko gogoz. Jarraipena nahi dut, partidak jokatu, minutuak eduki eta zorte txarra sahiestu". Elastiko horia berreskuratu dezake Realak heldu den igandean Cartagena liderra garaitzen badu. Elustondorentzat, murtziarren liga hasiera ez da halabeharraren ondorio. "Ezustekotzat gutxi du. Talde indartsua dela frogatu du, jokalari onak dauzka eta aurrekontu handia. Horrenbeste jardunaldiren ostean ezin esan kasualitatez dagoenik lehen postuan. Aurkari zaila izan arren, geure armak erabiltzen ahaleginduko gara Cartagena menderatzeko".

Beste alde batetik, Jonathan Estrada ere agertu da hedabideen aurrean. Kolonbiarrak onartu duenez, Lasartek bere izena ohiukatu zuenean "harritu" egin zela eta bere unea iritsiko delako zalantzarik ez duela bere eginahaletan sinisten duelako.

Zurutuza, zaharrak berri

Atzo arratsaldeko saioan ezker zangoko belauna okertu zuen. Entrenamendua amaitzeko arazorik izan ez bazuen ere, gaur minez esnatu da eta mediku oharrak dio bihurritu arina duela. Ez dirudi Cartagenaren kontrakoa jokatuko duenik. Hendaiarraren hutsunea betetzeko hamaika buruhauste izan du Lasartek, ez duelako ordezko egokirik topatu. Sergio jarri zuen Albaceten, bada, errioxarrak ere ez du entrenatu ezker hankeko pantorrila edo zangosagarrean min duelako. Entrenatu ez duen bestea Esnaola zentrala, dentistarenean izan baita.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa