Kirolak

Futbola

Futbola

Igandean, Cartagenaren aurka

Lasarte (Reala): "Ikusitakoetatik gehien gustatu zaidana da"

Ander Altuna

2009/11/20

Lantegi zaila aurreikusi du uruguaiarrak, horregatik aparteko esfortzua eskatu die bereei. "Normalean baino gauza gehiago egin beharko dugu ondo", dio.

Cartagenaren kontra indarrak neurtzeko irrikaz azaldu da Martin Lasarte Zubietako prensa aretoan. "Astean zehar burututako lana ezin egokiagoa izan da. Baikorra naiz taldea ilusionatuta, gogotsu dagoelako. Aurkari indartsu baten kontra jokatuko dugu, sailkapeneko tontorrean dago, jarraitzaileen aurrean arituko gara eta gainera telebistak zuzenean eskainiko du. Intentsitatez bizitzeko osagaiak dira".

Anoetan indartsu izateak duen garrantzia nabarmendu du behin eta berriz. "Gure gainetik dagoen taldea hartuko dugu, baina garrantzitsuena etxean irmotasunez aritzea da. Kontrarioak ezin daitezke eroso sentitu eta hona etortzean plaza gaizto batera datozela ohartu behar dira".

Zilarrezko mailara igo berria izan arren, talde murtziarrari ezin zaio ezusteko adjetiboa erantsi, besteak beste, patrikak ongi hustu dituelako jokalari aipagarriak fitxatu ahal izateko. Orain arteko ibilia itzela izan da. Kontrarioen atea erraztasunez zulatzen du, inork baino gol gehiago sartu du (19), eta defentsa lanean zorrotz ari dira, Herculesen atzetik gol gutxien hartu duena da (9). Hori dela eta, aparteko esfortzua eskatu die bere mutilei uruguaiarrak. "Normalean baino gauza gehiago egin behar da ondo neurketa garrantzitsuak irabazteko. Talde ona da, bertikala, ikusitakoen artean gehien gustatu zaidana. Intentsitate handiz jokatu behar dugu, bai atzera egin behar dugunean, baita erasora jo behar dugunean ere. Numantziarenarekin alderatuko nuke".

Claudio Bravoren kontratu berritzea eta Asier Riesgoren egoera izan ditu hizpide jarraian. "Albiste zoragarria da. Nazioarte mailan izena duen jokalaria da Claudio. Kirol eta ondare arlotik onuragarria da. Bera saltzeko aukera bermatu du klubak, patrikak berotzekoa. Riesgo? Zerikusirik ba ote dute? Hari ere ez al diote kontratua berritzea eskaini ala? Klubarekin kontratua duen orok zer gehiago du eskatzeko. Bravok berritu duela, eta zer? Biharko egunean eskuin atzelaria fitxatzen dugula eta hemengoa goibelduko litzatekeela... Mesedez! Futbol profesionala da hau! Bakoitzak berea defendatu behar du eta ondoren taldearen interesak".

Lasartek hitz egin eta gero txuri-urdinek entrenamendu saioa egin dute Zubietan, inolako nobedaderik gabe. Cartagenaren ondoren, Vallecasen jokatuko du Realak. Hau ere, Canal Plusek eskainiko du, igandean 12:00etan.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa