Kirolak

Txirrindularitza

Txirrindularitza

Frantziako Tourra 2009

Pirinioek Bartzelona izango dute abiapuntu

Jon Lopez

2009/06/18

Horrelaxe izango da 2009ko ekitaldian. Kataluniako hiriburuak hasiera emango dio lasterketa frantziarraren Pirinioetako abentura goiztiarrari. Hiru etapa, bederatzi mendate eta aldapa gora helmuga bakarra izango ditu mendikate honetako aurtengo trilogiak.

Bartzelona izango da Frantziako Tourreko 2009ko ekitaldiko Pirinioetako hiru jardunaldien abiapuntua. Hiru etapa, zazpigarrenetik bederatzigarrenera, bederatzi mendate eta gainean amaituko den etapa bakarra utziko dizkigu Pirinioetako trilogiak.

Lehen gainbegiratu batean, aurtengo saioko Pirinioetako etapak (uztailaren 10, 11, eta 12an) ez dira erabakigarriak izango. Alde batetik, lasterketako lehen astean helduko direlako eta bestalde, hautagai nagusienei min handirik sortzeko tarterik ez dagoelako, mendateen gogortasunari erreparatuta, bederen.

Pirinioetako gailurrek etapa amaiera bakarra hartuko dute aurten. Arcalisen izango da, 10,6 kilometro eta %7,1eko batez besteko aldapa duen mendatea. 200 kilometroko, baina gogortasun handirik gabeko etapari emango dio amaiera aipatutako igoerak. Contadorrek, igoera ikuskatu ostean, uste bezain gozoa ez zela onartu eta "ezusteko positiboa" hartu zuela gaineratu. Ikusiko da madrildarraren aurreikuspenak betetzen diren ala ez.

Zortzigarren jardunaldiak, larunbatean, Andorra-La Vella eta Saint Girons lotuko ditu 176 kilometroko ibilbidearekin eta hiru mendaterekin. Abiatu eta berehala, Envalira igoko dute, ziklisten hankak berotuko dituen mendatea. Agneseko igoera etapako azkena izango da, igoera gogorra baina helmugatik 30 kilometrora. Urrundik erasoak egiteko aukera emango du ibilbideak baina faboritoen arteko lehiarako eskasa da antolatzaileek eskainitakoa.

Pirinioetako trilogiaren azken etapak Saint Gaudensetik Tarbesera eramango ditu txirrindulariak. Marea laranja bertan izango du topagunea, egun honetan igoko baitu tropelak Tourmalet gain mitikoa. Hala ere, Tourreko igoera klasiko hau Tarbeseko helmugatik 70 kilometrora dago. Gehiegitxo.

Laburbilduz, Pirinioetako mendikateko hiru saioek 2009ko Frantziako Tourreko lehen zatia baldintzatuko dute. Txirrindularien sasoi puntua ikusteko balio izango dute eta baita hautagai nagusien zerrendatik izen bat edo beste kentzeko. Aukera paregabea, seguru, Euskaltel-Euskadi taldeko ziklistentzat. Etapa garaipena dute helburu aurten Igor Gonzalez de Galdeanoren mutilek eta non Pirinioetan baino hobeto?

Bideoak

Bideo gehiago

Txapeldunen Ligan astearteko jardunaldian sartu diren gol guztiak

Publizitatea


TXIRRINDULARITZA

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa