Kultura

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Elkarrizketa

Txomin Ezponda : "Guretako Xalbador monumento bat zen"

eitb.com/EKE

2009/06/12

Ezponda garai bateko bertsolaritzaren azken ordezkaria da. Mattin, Xanpun, Alkhat eta Mendiboure zituen ohiko bertsokide. Belaunaldi arrakastatsuaren parte izan zen. Gogoeta eta oroitzapen franko ekarri dizkigu gogora.

Txomin Ezponda (Dominique Ezponda Lagan) Garazi aldeko Jatsu herrian sortu zen 1937an, laborari familia batean. Soldadogoa egin ondoan Algeriako gerla garaian, Bokalen hasi zen lanean garraiolari gisa 23 urte zituela. Bertsolaritzak ekarri zion famari esker saltzaile ofizio bat proposatua izan zitzaion eta erretiratu arte lan horretan ari izana da 28 urtez.

Bere bertsulari ibilbidea Donibane Garazin hasi zuen 1955ean Fernando Aire "Xalbador" lagun zuela. 1983an Nafarroako bertsolari txapelketa irabazi zuen. Mattin, Xanpun, Alkhat eta Mendiboure bezalako bertsolariekin aritu da frangotan. Besta giroan oinarriturik, orduko bertso saioak jolasean eta umorean iragaiten ziren.

Uste bazen ere, bertsulari belaunaldi horren ondotik, Iparraldeko bertsolaritza hilen zela, 1980. hamarkadan, bertso eskolen eraginez, transmizioa segurtatu da eta gaur egun bertsolaritzak, inoiz baino gehiago, arrakasta badu belaunaldi gazteetan. 2009ko ekainaren 6an iragan den Iparraldeko bertsulari gazteen XVI. xapelgoaren finala honen lekuko dugu.

Txomin Ezpondak 2009ko martxoan eskaini digun elkarrizketa baten zatiak hautatu ditugu hemen. Elkarrizketa osoa ikusteko egin klik www.eitb.eke.orgn.

Lehen bertsoak, Xalbadorrekin

"Bertsotan hasia nintzen 15-16 urtetan. Egun batez, dantzari nintzan, oroitzen naiz, Uharteko talde batean. Oraino ere bada hor dantzari taldea. Hartan ari nintzen eta libertimendu bazen Donibane Garazin, urtea ahantzia dut... 18 urte nintuen guti gorabehera, Xalbador eta Mattin jin beharrak ziren bertsotan aritzera. Gu dantzan eta horiek bertsotan... Orduko banuen bertsotan kantatzeko tira, lagunartean ari nintzen errexki. Mattin ezin izan zen etorri... bizikletaz ibilki, treinez eta ez dakit batere... ez zen Mattin Ahetzetik Donibanerat arribatu ahal izan. Xalbador bakarrik zen delako libertimendu hartan eta taulen gainera igan zelarik, agurrak, denak egin zituen behar zen bezala. Halako memento batez, galdatu zuen ea nun edo nor ba ote zen bertsotan laguntzeko. Bakarrik delarik tonto baita bertsolaria... Lagunek eta dantza lagunek orduan : "Hi, hain trebe gure artean, egiten baitituk balentriak ! Orain duk mementoa." Oroitzen naiz, besotan hartu eta altxatu ninduten Xalbadorri erranez "Hunek badaki, hunek badaki!". Taulen gainera igo eta haizeak larrazkeneko ostoak dardarazten dituen bezala, hantxe nire Xalbador agurturik, jendeari ere agurrak eginik, 10 minutaren buruan Xalbadorrek baino esku zarta gehiago bildu nintuen gaztea nintzelakotz".


Xalbador, Mattin eta Xanpunekin gustura

"24-25 urtetan, Mixel Labegueriek taula gainean eman eta geroztik ez naiz gelditu. Geroztik beti galderak etorri ziren. Oroitzen naiz laborarien biltzarra antolatzen zuten Donapaleun, 500 bat bazkaltiar biltzen ziren. Harat behar nuela absolutuki joan. Joan nintzen. Gero, segitu zuen: jendeak maite zuen bertsolari berri bat entzutea. Galderak ukaiten nintuen. Mattin, Xalbador eta Xanpun... garai batean lauak ibili gira gustora.

Gero ateratu ziren Mendiboure, Alkhat, Arrosagarrai eta berantago Mixel Xalbador. Bere aita ibilki zelarik ez zen errex Mixel-endako. Mixel Xalbadorrek beste izen bat izan balu, gu bezala aparteko bat izan balitz, hasiko zen aise goizago eta errexago ariko zen. Xalbadorren semea izaitea zaila da. Aita baino hobeago delarik pasatzen zira. Lizaso eta horiek... gertatu da. Bainan aita baino guttiago delarik, hori sistematikoki egiten du "Ez duk aita bezeinbat". Badaki Mixel-ek ere aita norbait zela. Ez zen eskolatua bainan gizon argia, euskara maite, kultura ederreko gizona zen. Hizkuntza zoragarria, izpiritu xorrotxa, gauzak sinpleki erraiten zituen bainan behar bezala eta behar ziren tokietan.

Bertsolaritzaren bilakera eta egungo bertsolari gazteak

"Gu hasi girelarik, bertsolaritza ez zen bizitzeko molde bat, ez zen orain bezala, ez zen ordaindua. Bazkariaren truk bakarretan kantatu dugu, bakarretan ! Bertzaldean hasiak ziren ordaintzen. Orain ere, Iparraldean baino hiru edo lau aldiz gehiago ordaindua da bertzaldean bertsolari bat. Zendako ? Entzulegoa biltzen baita. Dirua ere sartzen da. Orain, bertsolaritza indartu da euskara hobetu baita. Jende ainitzek lan egin dute, egin beharko ere. Lehen, euskarak ez zuen gaur egun duen nortasuna. Eta lorpen hori lanetik heldu da. Denen lanetik. Euskaldunak orain nortasun bat badu eta horrek plazer egiten du. Orain bertsotik bizi dira.

Elgarretaratzea, besta zen. Biltzen ginen irri egiteko, kantatzeko, umoretsu, kermeza eta bestetan. Orain lana bihurtu da. Bertsolariak heldu zauzkitzu tenoreko, pilotari bat bezala. Ainitz aldiz bi lekutan kantatu behar dute egun berean".

"Bertsolari gazteek ikasia seinale dute. Guk eskolarik ez dugula ageri du. Bertso klasiko horietan ari gira. Badira 15-16 urteko bertsolariak, neska ala muttiko, bertso zoragarriak egiten dituztenak, ikasiak baitira. Jakitate bat badute, ageri da. Aldakuntza haundia izan da. Oraiko trebetasunak ageri dute norbaitek gidatuak, ikasiak. Ez ginuen 30 urteetan oraiko 18 urteko bertsolarien errextasunik".

Gero eta guttiago ibiltzen naiz bertsotan

"Nire lagunak galduz geroz, azkenik Ernest, hainbeste urtez elgarrekilan eta orain galdu... pixka bat alargun bezala gelditzen zira. Bakarrik, gogoa galtzen da. Lagun egiten zira, elgar ulertzen duzu eta indar gehiago baduzu harekilan. Gero, ez uste izan, holako lagun bat galtzen delarik berritzen ahal dela, ez ! Hasteko, adin batean. Nire lagun zaharrak denak hil dira. Baditut argazkiak eta beha egoiten naiz, bakarra naiz bizirik argazki horietakoetan. Orain, kantatzeko gogorik ez dut. Kurtsoak emaiten ditut pixka bat, etxe inguruetan. Adixkideak eta lagunak baditut hemen".

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa