Kultura

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Lehenengo 2 finalaurrekoak, asteburuan Bergaran eta Gasteizen

Erredakzioa

2009/11/07

Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi, Fredi Paia eta Jon Martin arituko dira larunbatean Bergaran. Igandean, berriz, Gasteizen egingo da asteburuko bigarren saioa.

Asteburu bateko atsedenaldiaren ondoren, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak martxari ekingo dio berriz larunbatean. Datozen lau asteburuetan zazpi saio egingo dira, finalera heldu arte. Bertan 24 bertsolari lehiatuko dira, final laurdenetan aurrera egitea lortu duten 17 bertsolariak eta 2005eko 7 finalistak. Bi itzuli izango ditu finalaurreko fase honek.

Lehen itzuliak lau saio izango ditu. Saio bakoitzeko irabazleek zuzenean finalaurrekotako bigarren itzulirako txartela eskuratuko dute eta beste 14 bertsolari puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Bigarren itzuliak hiru saio izango ditu eta 18 bertsolarik hartuko dute parte. Lehen eta bigarren itzuliko puntuazioak gehitu ondoren puntuazio altuena eskuratzen duten zazpi bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 13an Andoni Egañarekin batera BEC-en jokatuko den finalerako.

Finalaurrekoetako lehenengo saioa, bihar Bergaran
Bergarara joateko asmoa duten bertsozaleek kontuan hartu beharreko aldaketa egon da. Izan ere, Labegaraieta Kiroldegian izango da saioa, arratsaldeko 17:30ean hasita.
Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi, Fredi Paia eta Jon Martin arituko dira Alaitz Rekondoren aginduetara. Larunbatean bertan 250 sarrera jarriko dira salgai arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Labegaraieta Kiroldegiko leihatilan.

Asteburuko bigarren saioa, igandean Gasteizen
Gasteizen jokatuko da igandean, finalaurrekoetako bigarren saioa. Europa Pabilioian izango da arratsaldeko 17:30ean hasita. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Iñaki Zelaia, Arkaitz Estiballes, Xabier Paya eta Maddalen Arzallus bertsolariek abestuko dute eta Iñaxio Usarralde arituko da gai-jartzaile lanetan.

Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa