Kultura

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketako Finala

Lujanbio, historiako lehen emakume txapelduna

Erredakzioa

2009/12/14

Maialen Lujanbio hernaniarrak irabazi du 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saio biribila eginda, hernaniarrarentzat izan zen txapel preziatua. Hala, Egañari lekukoa hartu dio hernaniarrak.

Maialen Lujanbiok irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia, BECen jokatutako final gogoangarrian. Emozioz eta kalitatez beteriko saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio izan dira nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eskuratu du orain dela zortzi urte ihes egin zion txapela. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea da. Joxe Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso du txapeldun berriak txapela.

Saioa ikaragarria izan da, eta bertsolaleek ia zoratzeraino gozatu dute oholtza gainean entzundakoarekin. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi dute, baina gainerako bertsolariek ere ikuskizun ederra eskaini dute. Azkenean, Jon Maiak egin du hirugarren.

Andoni Egañak bertsolari gazteenen indarraren aurrean amore egin behar izan du ezin izan du bere bosgarren txapela eskuratu. Azkenik, laugarren egin du txapeldun handiak eta esana zuen moduan aurreratu du ez dela berriz arituko Txapelketan. Egañak entzuleen babesa eta maitasun adierazpenak jaso ditu etengabe.
Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz zein internetez izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.

Goiz-goizetik hasi dira Euskal Herriko bertsozaleak BECera ailegatzen. Horietatik, 3000 lagun inguruk Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusetan egin dute Barakaldorainoko bidea.


Areto barruan, giroa itzela izan da. Zutituta eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak; hortik aurrera festa handi bat izan da finala. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.

Aitor Sarriegiren nobedadea zutela, zortzi finalistak goizeko 11,30ean hasi dute jarduna. Goizeko saioa ere polita eta bizia izan da, baina gauzak airean utzi ditu. Ofiziotan ale politak egon dira, baina kartzelakoan jo du goiak goizeko saioak.

Puntuazioa eta klasifikazioa

Maialen Lujanbio 690,50 (goiza) + 940,25 (arratsaldea) = 1630,75
Amets Arzallus 662,00 (goiza) + 920,00 (arratsaldea) = 1582,00
Jon Maia 651,50 (goiza) + 408,50 (arratsaldea) = 1060,00
Andoni Egaña 644,00 (goiza) + 414,00 (arratsaldea) = 1058,00
Unai Iturriaga 633,50 (goiza) + 412,75 (arratsaldea) = 1046,25
Sustrai Colina 637,00 (goiza) + 400,50 (arrtsaldea) = 1037,50
Aitor Mendiluze 617,50 (goiza) + 391,75 (arratsaldea) = 1009,25
Aitor Sarriegi 596,50 (goiza) + 387,25 (arratsaldea) = 983,75


DVD bikoitza, laster kalean

Finala amaitu eta abenduaren24rako Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoen bilduma kaleratuko du Bertsozale Elkarteak. Berria egunkariarekin batera banatuko da gabon jaietan eta LankuBertso Zerbitzuak-en liburudenda sarean ere eskuratuahal izango da. Final-laurden, finalaurreko eta finaleko bertsohautatuekin DVD bikoitza izango da. 10 eurotan jarriko da salgai.



Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa