Kultura

Literatura

Literatura

Euskara saila

Xabier Lete, Euskadi Literatura Saria

2009/11/24

Egunsentiaren esku izoztuak lanari esker saritu dute egilea. Antton Olanok eskuratu du itzulpen onenari saria, Wilkie Collinsen The Moonstone (Ilargi-harria) eleberriaren itzulpenari esker.

Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela) lanarekin irabazi du Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitatean. Klasikotasuna, "ahotsaren sendotasuna eta aberastasun diskurtsiboa" goraipatu du epaimahaiak. Gainera, Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zenaren "ahotsaren benekotasuna" saritu omen dute.

18.000 euroko saria jasoko du eta 4.000 euroko laguntza lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzeko. Egilearen azken poema liburuan, iragan ederrarekiko miresmena, maitasuna gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa ekartzen ditu gogora.

Jokin Muñozek, Xabier Montoiak, Itxaro Bordak, Harkaitz Canok edo Iban Zalduak jaso dute, besteak beste, Euskadi Literatura saria.

Bestalde, itzulpenaren Euskadi saria Antton Olanorentzat izan da, Wilkie Collins ingeles idazlearen The Moonstone (Ilargi-harria) eleberriaren itzulpenari esker. "Antton Olanoren itzulpenak ezin hobeto eta oreka handiz islatzen du euskaraz Wilkie Collinsen obraren tonu orokorra, eleberriko kontalari desberdinen erregistroen aberastasuna, zein bere ezaugarri pertsonal eta sozialekin", azaldu du epaimahaiak.

18.000 euroko saria jasoko du egileak. Josu Zabaletak, Fernando Reyk, Iñaki Mendigurenek eta Antton Garikanok jaso dute aurretik aipatu saria.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa