Kultura

Musika

Musika

Jazz Euskadi

Getxo jazz doinuez jantziko da

Joseba Olagarai

2009/07/01

Diane Schuur "jazzaren erreginak" emango dio hasiera jaialdiari, Biotz Alai plazan, 21:30ean emango duen kontzertuarekin.

Gaur hasiko da Euskadiko jazz denboraldia, Getxoko 33. Nazioarteko Jazzaldiaren eskutik. Uztailaren 5era bitartean Paquito D''Rivera, Chano Domínguez, Michel Camilo, Spyro Gyra, Diane Schuur eta Omar Sosa musikari eta talde ezagunak igoko dira Getxoko agertoki gainera. Talde Lehiaketako "Hirugarren Milurtekoa" atalean eta Dixie Gunean kontzertuak izanen dira, guztira 25 saio. Jaialdiko egun bakoitzaren bukaeran jam sessionak eginen dituzte.

Aurten ere Biotz Alai plazan eginen dira kontzertu nagusiak. Talde Lehiaketaren saioak 21:30etik aurrera izanen dira. Bestalde, Getxo Antzokia izango da "Hirugarren Milurtekoa"ren agertokia. Dixie Gunea Algortako Geltokia plazan jarriko dute.

Jaialdiaren lehenbiziko egunean Diane Schuur (1953, Seattle) abeslari eta pianista arituko da Getxon. "Jazzaren lehen andrea" bezala ezaguna den abeslaria itsua da eta belarriz ikasi zuen pianoa jotzen. Kontzertu berezia eskainiko du. Biharamunean, uztailak 2, osteguna, Omar Sosak (1965, Camagüey, Kuba) kontzertua eskainiko du Afreecanos Quartet taldearekin batera. Jaialdiaren erdibidean, ostiralean, uztailak 3, Michel Camiloren (1965, Santo Domingo, Dominikar Errep.) txanda izanen da. Uztailaren 4an, larunbata, Spyro Gyra igoko da Getxoko agertoki gainera.

Getxo Jazzek 2010era arte agurtuko ditu igandean entzuleak egundoko bikotearen eskutik: Paquito D''Rivera eta Chano Domínguez. D''Rivera (1948, Marianao) saxo-jole, klarinete-jole eta musikagile kubatarra, jazz latinoaren estiloko musikaririk handienetakoa da. Chano Domínguez (1940, Cádiz), flamenko-jazzaren artista handien artean dago. Piano-jole andaluziarrak estilo horren alor guztiak jorratzen ditu, beti ere jazz egiturak mantenduta. Gaur egun, Domínguez jazz espainiarraren musikari ospetsuenetakoa da.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa