Kultura

Musika

Musika

Kultura aniztasuna

Txalapartak eta basamortuko kantu nomadek bat egingo dute Galizian

Erredakzioa

2009/08/20

Oreka Tx taldeko mutilak Aziza Brahimekin izango dira gaur gauean Santiagoko Quintana Plazan, Festival dos Abrazos jaialdiaren baitan. Lehenago, 13:30ean, 'Txalapartas para Chillida' ikuskizuna eskainiko dute Harkaitz Martinezek eta Igor Otxoak Bonaval parkean.

Txalaparta soinuak eta basamortuko kantu nomadek bat egingo dute gaur Galizian, Oreka Tx eta Aziza Brahim artisten eskutik. 22:00etan kontzertua eskainiko dute Santiagoko Quintana Plazan, ''Festival dos Abrazos'' jaialdiaren baitan. Txalapartari ezagunenak eta Saharako doinu nomadak elkarrekin ikusteko aukera egongo da, esperimentazioa eta fusioa oinarri izango dituen ikuskizunean.

Orain urte bete elkartu ziren lehenengoz Aziza Brahim eta Oreka Tx taldeko mutilak. Donostia eta Daira de Bojador hirien arteko anaitasun ekitaldian hasi zen harremana, eta zuzeneko kolaborazio horren ondoren ere musika harreman hestua izan dute, aurten Europan zehar egindako biran sendotu dutena. Nömadak Tx proiektuaren espirituaren ildotik garatu da ekimena. India, Laponia, Mongolia eta Saharan izan ziren Harkaitz Martinez eta Igor Otxoa donostiarrak Nömadak Tx proiektuan, bertako musikariekin grabatuz.

Ahobizarra kentzeko
Kontzertuaren aurretik, 13:30ean, Oreka Tx taldeak ''Txalapartas para Chillida'' emanaldi berezia egingo du Bonaval parkean. Txalapartaren eta Eduardo Chillidaren eskulturaren arteko elkarrizketa da ikuskizuna. Euskal kulturaren musika tresna adierazgarrienaren eta euskal artista handienetako baten arteko elkarrizketa honen bidez euskal kultura gerturatzea da helburua.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa