Kultura

Musika

Musika

'La tierra está sorda'

Gerra Zibileko galtzaileak omendu ditu Barricadak

Hiru.com

2009/11/09

Espainiako Gerra Zibileko galtzaileak omendu nahi izan ditu talde nafarraren azken diskoak. 18 abestik eta liburu batek osatzen dute azaroaren 3an kaleratutako lana.

Barricada bueltan dugu eta bere azken lana kaleratu berri du. La tierra es sorda izenburupean, 18 abesti berri eta liburu bat publikatu dute. Azaroaren 3an jarri zuten salgai eta Madrileko Las Ventas emakumeen espetxea hautatu zuten lehen kontzertu akustikoa emateko. Txantreako laukotea (Enrique Villarreal "El Drogas", Alfredo Piedrafita, "Boni" eta "Ibi") 27 urte daramatza oholtza gainean, eta La tierra está sorda, hemeretzigarren albuma da. 25 urtemuga ospatzeko bira bukatzerakoan buru-belarri ekin zioten proiektu honen prestakuntzari. "El Drogas"ek historiaren pasarte ilun horretan sakondu du; dozenaka liburu irakurri ditu eta horrenbeste dokumental ikusi ditu. Horrez gain, Ezkaba mendiko San Cristobal espetxea bezalako gerrako agertokiak bisitatu ditu, eta hainbat pertsonen testigantzak jaso ditu.

La tierra está sorda diskaren izenburua Luis Cernudaren olerki batetik hartua dago. Espainiako Gerrako Zibila galdu eta diktaduraren errepresioa pairatu zutenen aldamenean jarri da Barricada, eta horien bizipenak eta sentimenduak irudikatu ditu 18 kantetan. Gosea, hotza, zorriak, askatasun eza, torturak, fusilamenduak, beldurra, erbestea, hobiak, elizaren alderdikeria, ile mozten zieten emakumeen lotsa, duintasuna, borrokatzeko grina... Azken batean, izen-abizenak zituzten ahaztuak eta isilarazitakoak omendu dituzte. Etxean, Iruñan grabatu dute diskoa, eta nahasketak eta masterizazioa, aldiz, Helsinkin egin dituzte.

Diska aurkezten

184 orrialdetako liburuak osatzen du La tierra está sorda. Ia hiru urteko dokumentazio lan mardul hori bi zatitan banatutako dago. Lehenengoan, aurrekari historikoen azalpen laburra, poemak, eta idazleen, historialarien eta zine zuzendarien hausnarketak biltzen dituzte. Halaber, proiektuaren hazia izan diren liburuen zerrenda luzea aurkitu daiteke. Bigarren partean, berriz, 18 kanten letrak eta horien iturri literarioak zehazten dituzten testuak irakurri daitezke.

Barricadak lan berria ezagutzera emateko ordubeteko hitzaldiak eta kontzertu akustikoak eskainiko ditu. Azaroaren 6an Bilboko Fnac saltokian izan dira 18:30etatik aurrera. Hilaren 10ean, hitzordua Donostiako Fnacean izango da. Zama historiko handiko Sartaguda herria bisitatuko dute azaroaren 20an. Eta 28an, Rock sin Subtitulos jaialdian joko dute Londresen.

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa