Kultura

Kultura

Heriotza ikertzen

Michael Jacksonen medikua galdekatu eta bigarren autopsia egin diote gorpuari

Erredakzioa

2009/06/28

Senitartekoek uste dute Murray doktoreak esandakoa baino gehiago dakiela Poparen Erregearen heriotzari buruz.

Hildakoaren familia haserre dago Michelen heriotzaren gaineko informazio falta dela eta, CNN albiste kateak jakitera emandakoaren arabera. Horren harira, Jessy Jackson apaizak senitartekoei bigarren autopsia baten eskaria egitea gomendatu die larunbat honetan, lehenengoak ezer argitu ez duela ikusirik.

Familiak abadeari jaramon egin eta Michael Jacksonen heriotzaren inguruko misterioa behin betikoz ezagutzeko helburuarekin auzitegiko medikuei gorpua berriz aztertzeko eskatu die. Hortik ordu gutxira egin diote bigarren autopsia, Poliziak Conrad Murray doktoreari galdeketa egin bitartean.

Bestalde, TMZ web orrian ageri denez (berau izan zen Michael Jacksonen heriotzaren berri ematen lehen komunikabidea), Polizia bigarren lagun baten bila dabil heriotzaren gainean galdeketa egiteko. Bigarren hau, Tohme Tohme sendagilea da, abeslariaren laguna eta poliziaren arabera, "zeharkako zerikusia" izan dezake gertatutakoan.

Hortaz gain, Jacksonen gorpua senitartekoek dute eta hileta elizkizuna prestatzen ari dira, nahiz eta horren inguruko daturik eman ez. Ekitaldi publikoa edo pribatua izango den, non edo nortzuk izango diren gonbidatuak, alegia.

Haurtzainaren adierazpenak

The Sunday Times hedabidean Jacksonen umezainak Michaelen arlo ezkutua argitara eman du: medikamentuekiko dependentzia, sektek.in harremana... Grace Rwaramba 17 urtez ibili da Jacksonentzat lanean bere 3 semeak zainduz."Heldu zen momentu bat non hain zegoen txarto semeei ez niela utzi bere aita ikusten... Beti gaizki jaten, kopuru oso txikiak eta denetarik nahastuz" dio elkarrizketan. Jacksonek kaleratu egin zuela azaldu du senitartekoei menpekotasunen berri eman bezain pronto.

42 urteko zaintzailea larunbat honetan etorri da Londresetik Estatu Batuetara bertan hiru semeekin batzeko asmoz. Poliziak hau ere galdekatuko du Poparen Erregearen osteguneko heriotza aztertzeko.




Publizitatea

Ikusiena



© EITB - 2012 - Lege Oharra

Eitb taldea - Kontaktua - Web mapa